2023(e)ko martxoaren 31(a), ostirala

BIBA ZUEK! EUSKARAK BATZEN GAITU!

Jalgi Hadi Mundura (JHM) euskara elkarte bat baino gehiago, lagun-talde euskaldun bat da, eta duela hiru urte sortu zen Covid-konfinamenduan. Etxetik Zoom bidez urrun geundenok hurbiltzeko asmoz elkartzen hasi ginen pantailak lagun, euskaratik eta euskaraz Euskal Herrian nahiz euskal diasporan elkarrekin euskaraz bizitzen segitzeko, harremanak euskaraz egiteko, asteartero eta larunbatero. 

Onlinekoa bada ere gure asteroko harreman segurua, aurrez aurre ere elkartu izan gara hiru urteotan euskararen aldeko festatan, JHM taldeko bazkaritan, mendi-irteeratan eta abarretan. 

Taldearen lehen urteurrenean (2021) talde-bideo bat egin zen, eta bigarren urtean (2022) egutegi bat. 

Eta hirugarren urteurrenera bidean (apirilaren 2a), 2022ko abenduan HITZETATIK HARAGO liburua argitaratu genuen. 

 

Horren karietara, ETBko Biba Zuek saioan EUSKARAK BATZEN GAITU izenburupean Euskal Herriko beste euskara-elkarte batzuekin batera (Bagera, Ahotsak...) JalgiHadiMundura taldearen ordezkari ni neu, Ainara Maia, egon nintzen, eta besteak beste, taldearen liburu berriaz hitz egin nuen: 


Hirugarren urteurrenerako, apirilaren 3rako mikroipuinen lehiaketa antolatu da. 

 

Jalgi Hadi Mundura taldearen hirugarren urteurrena. MIKROKONTAKIZUNAK.

 Jalgi Hadi Mundura taldearen hirugarren urteurrena datorrela eta (apirilaren 3an), saio berezia egitea pentsatu dugu. Saio hori jendeak idatzitako mikrokontakizunez jantzi nahi dugu. Idatzi ezezik, jendeak ozen irakurri dezan ere nahiko genuke.
Aurtengo honetan, mikrokontakizunek bi eskakizun beteko dituzte;  alde batetik, 50 bat hitz (inguru) edukitzea, eta bestetik, testuetan, bi hitz hauek agertu beharko dira: “… atea irekitzean …”, nahi den lekuan.
 Hau jakinda, guztiok parte har dezazuen nahiko genuke; eta batez ere, euskara ikasten ari direnak animatzen ditugu. Azken hauek beraien testuak zuzentzeko laguntza behar badute, inolako arazorik gabe konfiantzazko norbaiti eskatu diezaiokete, edo taldeko helbide elektronikoan laguntza eska dezakete.

 Mikrokontakizunak, taldeko  helbide elektronikora (jalgihadimundura@gmail.com helbidea) bidali daitezen nahi dugu. Mikrokontakizunarekin batera zure ahotsa testua irakurtzen eskatuko dizugu. Laster zerbait berezia egingo baitugu ekarpen guztiekin. Mikrokontakizunaren esaldi zati bat “…atea irekitzean…” izango denez, dokumentuari kontakizunarekin bat datorren ate baten irudia bidali dezazuen ere eskatzen dizuegu.
 Egun horretan ezin duenak parte hartu, bere kontakizuna taldeko helbide elektronikora bidali dezake, egun horren aurretik, eta beste norbaitek irakur diezaioke.