2020(e)ko abenduaren 29(a), asteartea

MINTZODROMOAREN AJEAK ETA ONDORIOAK

 Azken saioan 25 lagunok hartu zuten parte Mintzodromoan, izan dugun jendetsuenetako bat. 

Beste batzuetan bezala, saioa 3 zati edo gaitan banatuko dugu. Lehenik eta behin, denok elkartu ginen talde handi batean, elkar agurtzeko eta  ezagutzeko, eta, hori eginda, talde txikitan banatu ginen, guztiok hitz egin ahal izateko.

Lehen gaia janaria izan zen. Hasiera batean, gure janari gustukoena edo gustuko ez dugun janariaz hitz egin dugu, baina hortik aurrera talde batzuetan munduko hainbat lekutako janari tipikoak aurkituko ditugu. Izan ere, saio honetan Euskal Herriko, Uruguaiko, Argentinako, Ingalaterrako, Alemaniako, Alacanteko... jendea bildu ginen, eta beraz, plater asko izan genituen hizpide.

Bigarren gaia mendia eta euskara izan zen: zer harreman dugun mendiarekin eta zer harreman izan dezakeen hizkuntzak naturarekin. Hortik aurrera, oso gai interesgarriez eta, batez ere, sentimentalez hitz egin dugu. Mendia, batzuentzat, eguneroko arazoetatik deskonektatzeko gure babeslekua da. Horregatik, mundutik deskonektatzea eta, gainera, euskaraz hitz egiteko, ikasteko eta pentsatzeko ingurune hau erabiltzea oso ideia ona izan daiteke. Gainera, antzeko gauzak egiten dira Euskarabenturan, adibidez. Oso aukera ona izan daiteke euskara ikasteko eta hobetzeko eta naturarekin eta beste euskaldunekin harremanak sortzeko.

Amaitzeko, bizi izan dugun urteari buruz hitz egin dugu, eta datorren urteaz zer espero dugun. Oro har, jendearen pertzepzioa oso antzekoa da: 2020a urte arraroa eta zaila izan da, baina, hala eta guztiz ere, gauza onak ekarri dizkigu. Adibidez, Jalgi Hadi Munduraren taldea. Ez dakigu zer gertatuko den 2021ean, baina argi daukagu euskaraz hitz egiten jarraitu nahi dugula talde honetan astero eta baita munduan ere.

Yaiza Ferrer

URTE BERRI ON 2021, IRRI EGIN, DENOK ELKARREKIN!

Mintzodromoaren ondoren partehartzaile batzuk inkesta bat bete genuen, eta guztira 17 erantzun jaso dira. Erantzun horietatik aurrera begira zenbait ondorio atera ditugu: 

Inkestan zazpi galdera zeuden, eta lehen galdera: 

Mintzodromoan gustura egon zinen ?

Denek baietz esan genuen. 

Bigarren galdera: 

Zure aurreikuspenak bete ziren ?

Denek baietz erantzun genuen. 

Hirugarren galdera erantzuteko aniztasun gehiago egon zen, eta:

Zein da gehien gustatu zitzaizun gaia?


_ Janaria
29,41 %
5
_ Mendiak
29,41 %
5
_ Urte berrirako asmoak
41,18 %

Laugarren galderaren erantzunetik ondorioztatu dugu ondorengo mintzodromoetan gai bat aldez aurretik esan, baina ezusteko gisa eta sorpresan beste gai bat egon behar dela ezkutuan:

Gaiak aurretik jakitea nahiago zenuke ?

Bai
52,94 %
9
Ez
47,06 %

Bosgarren galderan ere adostasun handia erantzunetan: 

Nahi beste hitz egin zenuen?

gehienek baietz erantzun genuen. 

Antolaketa zer iruditu zaizu ?

Seigarren galdera antolaketari zegokion eta denak oso gustura. 

eta azkenik, zazpigarren galdera: 
 

Aukera izanez gero, berriro parte hartuko zenuke ?

denok baietz erantzun genuen, eta beraz, hurrengo mintzodromoa antolatzeko prest gaude!!

Ainara Maia 

AZKEN OHARRA: 
Ba al dakizue nori egokitu zaion JALGI HADI MUNDURA sari mundiala???


URTE AMAIERAKO ZOZKETA ITZELEAN PARTE HARTU dugunon artean, urte zahar hau ongi ixteko eta urte berriari ongi etorria emateko, opari eder baten zozketan 4 zenbakiari, ANDREA uruguaitar euskaldunari egokitu zaio, suertez, ZORIONAK, ANDREA, ETA MILA MILA ESKER!!!

1. Raul
2. Bea
3. Marije
4. Andrea
5. Oier
6. Javi
7. Ainara
8. Andoni
9. Luis
10. Yaiza
11. Valeria
12. Gorka
13. Maider
14. Aitzol
15. Adrián
16. Ani.                       
17. Izaskun
18.Estitxu
19. Ionkar
20. Noel
21.Bati
22. Alfredo
23. Carlos
24. Sebas
25. Miguel
26. Jorge
27. Otutu
28. Bego Tisera
29. Beatriz
30. Martin
31. Sara
32. María Silvia

2020(e)ko abenduaren 20(a), igandea

76. saioa - 1. MINTZODROMOA

Gaur Jalgi Hadi Mundura taldeko 1. Mintzodromoa izan dugu. 

Uruguaitik Andrea eta Muxikatik Luis izan ditugu ekintza honen aurkezleak.

Partaideei ongi etorria eman eta taldearen aurkezpena egin dute lehenik eta behin: noiz eta nola sortu zen taldea, nongo lagunak garen, taldearen helburuak, saioak noiz izaten ditugun, besteak beste. Bestalde aipatu digute gehienok Mintzanet programan gabiltzanok garela, eta gurera etorri den Mintzaneteko arduradun Ritxi Lizartzari ere ongi etorria eman diogu.

Gure helburu nagusietako bat hau da: Euskara ikastera eta erabiltzera animatzea jendea, bai Euskal Herrian eta bai Diasporan. Eta oraingoan mintzodromoa antolatzera ere ausartu gara deialdi zabala eginez.

Hiru gai izan ditugu 4ko talde txikietan komentatzeko, eta moderatzaileak hauek izan dira: Andoni, Ainara, Maider, Ani, Luis eta Oier. 

Elkar ezagutzeko aurkezpenak egin ondoren, 20   jorratu dugu gai bakoitza. Hauetako bakoitza komentatu ostean, denok batera elkartzen izan gara. Eta  modu berean jokatu dugu hiru gaietan. Talde nagusira bueltatzerakoan, talde txikietan esandako gauzarik interesgarrienak eta bitxienak aipatzen izan ditugu.

Parte hartzaileon artean maila desberdinetako jendea dagoenez, esan behar da baita ere moderatzaileak saiatzen izan direla guztien parte hartzea bultzatzen, bakoitzak bere ahalmenaren neurrian hitz egin dezan eta inor baztertuta gelditu ez dadin.

GAIAK:                

1. Janaria

2. Mendiak

3. Urte berrirako proposamenak


Bukatzeko Andonik egindako bertsoak oparitu dizkiegu guztiei, bereziki parte hartzaile berriei

MINTZODROMORAKO BERTSOAK

Hitz, berba, ele, solas ta mintzo,

Euskara da gure hizkera.

Jalgi Hadi Mundura badoa

urratsez urrats aurrera. (Leloa)

 

Gaurkoan euskaltzale mordoxka 

 elkartu gara honera,

ta gure hizkuntzak behar dituen

Hego zabalak  atera.

 

Talde hontara etorrita

ederra zuen jarrera.

Ta horregatik orain bagatoz             

eskerrik asko esatera.

 

Ta honenbestez ematen diogu 

saio honi amaiera,

mintzodromoak eman baitigu

hitz egiteko aukera.  

 

     Espero dugu primeran pasatu izana eta laster berriro elkartzea; jada badakizue non gauden.

-        Eskerrrik asko gurera etortzeagatik eta nahi duzuenera arte.


Testua: Ani eta Andrea

Argazkiak: Vale eta Sara

 

2020(e)ko abenduaren 12(a), larunbata

74. saioa

 

Datorren larunbatean, abenduaren 19an, Jalgi Hadi Mundura taldeko lehendabiziko mintzodromoa izango dugu eta  ITZELA izango da! 



Gaurko saioan azken proba egin dugu eta ederki atera da. Egia esan, pozaren pozez gaude eta dagoeneko datorren larunbateko hitzorduaren zain! Talde ederra osatu dugu, 2 orduz euskaraz aritu gara etengabe eta motz egin zaigu. Taldeka eta denok batera aritu gara. 

Egia esan Zoomeko aukera guztiak erabiltzen ikasten ari gara eta 19ko mintzodromoak kristoren itxura ederra du. 

Gaur gaiak jorratu ditugu, baina gaur ez ditugu aipatuko.  Jakin nahi baduzue zeintzuk izango diren eta, batez ere, euskaraz gozatu nahi baduzue, eman izena gure lehendabiziko mintzodromoan parte hartzeko! Seguru gaude ez zaretela damutuko! 

Zuen guztion zain egongo gara! 

Larunbatera arte!


Izena emateko 

jalgihadimundura@gmail.com

Instagram: jalgihadimundura

Twiter: jalgihadimundu1

Facebook: Jalgi Hadi Mundura


Egilea: Raul Zarrakaztelu

Argazkiak: Vale La Pampa

2020(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

73. Saioa

 NATURAREKIKO NIRE HARREMANA

 Hainbat ikerketen emaitzen arabera egungo umeek, naturarekiko harremanari dagokionez, gabezi handia izaten dute. Adituek diotenez, gabezi honek haien gaitasunen garapen orokorrari negatiboki erasaten omen die eta hori dela eta psikologo eta pediatrak kezkaturik agertu dira. Teknologia berriak haien bizimoduaz jabetu direla esan daiteke eta ondorioz geroz eta denbora gutxiago ematen dute kalean, are gutxiago naturguneetan.

 Arestian esandakoak aitzakia eman digu saio honetan naturarekiko gure harremana nolakoa izan den erreparatzeko. Gaia jorratzeko honako galdera hauek izan dira ardatz: Naturarekin nolako bizipenak izan dituzu zure biziaroan? Harreman horrek zuregan zer eragin izan duela uste duzu? Pertsonaren garapenean, haurtzaroan bereziki izaten dituen hobariak edo onurak asko direla esaten dutenekin ados al zaude? Zertan zehaztuko zenuke onura hori?

 Gehientsuenok naturarekiko nahiko harreman joria izan dugu txikitatik, gurasoen eskutik gehienetan, garai batean denbora pasa egiteko beste aukerarik ez baitzegoen. Batzuek, baserri inguru batean hazitakoak izanik,  harreman zuzenagoa izan dute. Naturan izaniko hainbat bizipen aipatu dira, mendian ibiltzea, hondartza, arrantzuan, ehizan, zuhaitzetara igo, etxolak egin, mendiko kirolak…. Eta horiek aipatzean jabetu ere egin gara belaunaldi berriek duten gabeziaren tamainaz. Gehienontzat bertan jarduteko eremu izan da natura.

 Ordea, hura ezagutzeko parada edo aukera gutxi batzuek izan dute, alegia, landareen izenak, naturaren prozesuak eta halakoetan hutsuneak izan bititugu askotxok, batik bat haurtzaroan kalean bizi izan garenok. Natura ezagutzea hura maitatzea dela azpimarratu da eta horretan gaur egungo umeek gabezi handia dutela ere esan da. Aipatu ere, batek aipatu du naturarekiko harreman materiala nagusitu dela gure kulturan. Natura objektutzat hartuta eta guretzako etekina besterik ez gogoan, hura ustiatzeko erabili izan dugu. Izadia bizirik iraungo bada, aldiz, harreman hori aldatu beharra dago. Harekiko harreman ispirituala izateko premia aipatu da, hainbat tokitako indioek dutena bezalakoa . Puntu honetan batzuk ezkorrago, gizakia inoiz ikasten ez den izakia delako usterik, bestetzuk, aldiz, baikorrago agertu gara, egungo zientzia eta teknologiaren izaera ustiatzailea aldatuz lortu daitekeelakoan. Azken hausnarketa gisa hauxe: “Preziatua den hura galtzen dugunean soilik ohartzen gara haren garrantziaz”

 Narurarekin kontaktuan izatearen onurei dagokienez adostasun nahikoa egon da. Hiriko bizimodu azkar itogarriak sortzen digun nahigabea arintzeko gogoz harengana jotzen dugu askok  bakearen eta soseguaren xerka. Ingurune natural batean gaudenean, haren parte baikara, harekin konexio bat bezala sortzen zaigula aipatu da. Emozio bereziak eta positiboak izaten ditugu mendi gailur batera igondakoan, itsasoan, basamortuan eta abarretan.


2020(e)ko abenduaren 6(a), igandea

72. saioa

Saio ederra izan dugu gaur ere! Luis ibili da moderatzaile lanean, eta primeran aritu da. 

Hiru lagun berri izan ditugu gaurko saioan:  Argentinako Tres Arroyoseko Alfredo, AEBetan bizi den Aitzol donostiarra, eta Rafa,  Kaseda herriko naparra .

Hasieran lagun berrien aurkezpenak entzun ditugu eta jarraian gaian sartu gara.

Hauek izan dira girotzeko galderak:

1.Euskararen eguna ospatu zenuen? Nola?

2. Atzo Euskaraldia bukatu zen. Zeintzuk izan dira ondorioak   zure ustez?

3. Jalgi Hadi Mundura taldeko mintzodromoa antolatu nahi dugu;  proposatu gaiak.

Lehenengo galderari talde handian erantzun diogu eta beste biei talde txikietan. Ondoren, denon artean komentatu dugu taldeetan esandakoa. 

Bi ordutara iritsi gara gaur ere, eta lagun batzuk arinago joan zaizkigun arren, giro atseginean luzatu da gaurko saioa ere. 

Azkenik Durango azoka ere aipatu dugu. 

Berba egiteaz ez gara nekatzen, euskaraz bizi nahi dugulako! 

Gurekin euskaraz gozatzera etorri nahi?? Etor hadi lagun!!

 Argazkiak: Valeria