2020(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

73. Saioa

 NATURAREKIKO NIRE HARREMANA

 Hainbat ikerketen emaitzen arabera egungo umeek, naturarekiko harremanari dagokionez, gabezi handia izaten dute. Adituek diotenez, gabezi honek haien gaitasunen garapen orokorrari negatiboki erasaten omen die eta hori dela eta psikologo eta pediatrak kezkaturik agertu dira. Teknologia berriak haien bizimoduaz jabetu direla esan daiteke eta ondorioz geroz eta denbora gutxiago ematen dute kalean, are gutxiago naturguneetan.

 Arestian esandakoak aitzakia eman digu saio honetan naturarekiko gure harremana nolakoa izan den erreparatzeko. Gaia jorratzeko honako galdera hauek izan dira ardatz: Naturarekin nolako bizipenak izan dituzu zure biziaroan? Harreman horrek zuregan zer eragin izan duela uste duzu? Pertsonaren garapenean, haurtzaroan bereziki izaten dituen hobariak edo onurak asko direla esaten dutenekin ados al zaude? Zertan zehaztuko zenuke onura hori?

 Gehientsuenok naturarekiko nahiko harreman joria izan dugu txikitatik, gurasoen eskutik gehienetan, garai batean denbora pasa egiteko beste aukerarik ez baitzegoen. Batzuek, baserri inguru batean hazitakoak izanik,  harreman zuzenagoa izan dute. Naturan izaniko hainbat bizipen aipatu dira, mendian ibiltzea, hondartza, arrantzuan, ehizan, zuhaitzetara igo, etxolak egin, mendiko kirolak…. Eta horiek aipatzean jabetu ere egin gara belaunaldi berriek duten gabeziaren tamainaz. Gehienontzat bertan jarduteko eremu izan da natura.

 Ordea, hura ezagutzeko parada edo aukera gutxi batzuek izan dute, alegia, landareen izenak, naturaren prozesuak eta halakoetan hutsuneak izan bititugu askotxok, batik bat haurtzaroan kalean bizi izan garenok. Natura ezagutzea hura maitatzea dela azpimarratu da eta horretan gaur egungo umeek gabezi handia dutela ere esan da. Aipatu ere, batek aipatu du naturarekiko harreman materiala nagusitu dela gure kulturan. Natura objektutzat hartuta eta guretzako etekina besterik ez gogoan, hura ustiatzeko erabili izan dugu. Izadia bizirik iraungo bada, aldiz, harreman hori aldatu beharra dago. Harekiko harreman ispirituala izateko premia aipatu da, hainbat tokitako indioek dutena bezalakoa . Puntu honetan batzuk ezkorrago, gizakia inoiz ikasten ez den izakia delako usterik, bestetzuk, aldiz, baikorrago agertu gara, egungo zientzia eta teknologiaren izaera ustiatzailea aldatuz lortu daitekeelakoan. Azken hausnarketa gisa hauxe: “Preziatua den hura galtzen dugunean soilik ohartzen gara haren garrantziaz”

 Narurarekin kontaktuan izatearen onurei dagokienez adostasun nahikoa egon da. Hiriko bizimodu azkar itogarriak sortzen digun nahigabea arintzeko gogoz harengana jotzen dugu askok  bakearen eta soseguaren xerka. Ingurune natural batean gaudenean, haren parte baikara, harekin konexio bat bezala sortzen zaigula aipatu da. Emozio bereziak eta positiboak izaten ditugu mendi gailur batera igondakoan, itsasoan, basamortuan eta abarretan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina