Saioaren aurkezpenaren baitan hurrengo bertso hauek entzun genituen:
Umeak datoz, esaerak dio,
ogitxo bat besapean.
Maitagarriak izaten dira,
koskortzen diren artean.
Gero ika-mikak, errietak datoz,
nerabeak direnean.
Eskubide bai, betebehar ez!!
hala nahi dute funtsean.
Gurasoekin eraikia du,
nerabeak bere oskola.
Ikas ezazu, txukundu gela,
aita horrek niri ez dit mola.
Kontuak, berriz, eskatuz gero,
aita zuri zer axola?
Pentsatu eta duda egiten dut,
gu be ba ote ginen hola?
10 lagun elkartu ginen eta hiru ataletan banatu zen saioa. Talde txikietan jardun genuen eta esan behar da galdera guztiak erantzuteko betarik ez zela izan eta, nahi izanez gero, beste saio batean haren jarraipena egiteko aukera badagoela.
Lehenik, guraso edo seme-alaba izatea nolakoa da/zen, lehen eta orain, hizpide izan genuen, . Atal honetan galdera batzuei erantzuna bilatzen saiatu ginen, besteak beste, zer arrazoi egon daitezkeen umeak ekartzeko nahiz ez ekartzeko, zer desberdintasun dagoen lehengo eta oraingo seme-alaben bizimoduari dagokionez, egunerokoan zein diren ohiko une gatazkatsuak.....
Bigarren partean lehen eta oraingo harremanak nolakoak diren/ziren jorratu genuen. Zer partekatu ohi zuten lehengo gurasoek seme-alabekin eta zer oraingoek, teknologia berrien erabilerak etxeko giroari nola erasaten dion, konfidantza, errespetu eta komunikazioari buruz zer esateko daukagun, pandemiarekin zeozer aldatu den.....
Hirugarren eta azkenik, ariketa praktiko bat mahaigaineratu zen, alegia, ohiko bi egoera gatazkatsu horietako bi aurkeztu ziren eta nolabaiteko irtenbidea eman behar zitzaien. Halakoxe egoeretan nork bere esperientziak kontatzeko ere baliatu genuen ariketa hau.
1. egoera: Aitor 17 urteko gaztea da. Bigarren hezkuntzan adiskide gutxi izan zituen eta familiarekin etxean denbora luzez egoteko ohitura du. Orain Unibertsitatean sartu da; horrek lagun-taldea zabaltzea ekarri du, eta, era berean, sozializatze irteerak areagotzea. Duela astebete hasi zen bere gurasoei esaten unibertsitateko ikaskide baten urtebetetze festara joan nahi duela. Ama beldur da, ez dituelako lagunak ezagutzen eta "lagun ezegokiekin" elkartzearik nahi ez duelako. Bere aitak, aldiz, ez du arazorik aurkitzen plan honekin, autoa ere utzi nahi dio festara joan dadin. Zer gomendatuko zeniekete guraso hauei jaietarako irteerak eta Aitorren holako beste plan batzuk maneiatzeko? Nola erabili beharko lukete agintea?
2. egoera: Iratxe neska alaia eta "pinpirina" da, telebista ikustea, txateatzea eta lagunekin elkartzea gustatzen zaio; gurasoek etengabe gogorarazten diote bere logela txukunduta eduki behar duela. Berak, protesta egiten ez duen arren, gutxitan betetzen du zeregina. Bere ama, etxean denbora gehien ematen duena, aldian aldiko, demanda egitetik etsipenera pasatzen da; batzuetan adorez eta irmo jokatzen du eta beste batzuetan amore emanez bere alabaren gela berak txukuntzea erabakitzen du. Iratxek bere gelaren ordenaz arduratu eta etxeko lan batzuk egiten lagun dezan ahalegintzea alferrikakoa dela dirudi. Zer egin dezake familia honek Iratxe arduratsuagoa izan dadin bere gauza guztiekin?