gizartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gizartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko ekainaren 15(a), asteartea

126. Saioa: Gurasoen eta seme-alaben arteko HARREMANAK

Saioaren aurkezpenaren baitan hurrengo bertso hauek entzun genituen:

Umeak datoz, esaerak dio,
ogitxo bat besapean.
Maitagarriak izaten dira,
koskortzen diren artean.
Gero ika-mikak, errietak datoz,
nerabeak direnean.
Eskubide bai, betebehar ez!!
hala nahi dute funtsean.

Gurasoekin eraikia du,
nerabeak bere oskola.
Ikas ezazu, txukundu gela,
aita horrek niri ez dit mola.
Kontuak, berriz, eskatuz gero,
aita zuri zer axola?
Pentsatu eta duda egiten dut,
gu be ba ote ginen hola?

10 lagun elkartu ginen eta hiru ataletan banatu zen saioa. Talde txikietan jardun genuen eta esan behar da galdera guztiak erantzuteko betarik ez zela izan eta, nahi izanez gero, beste saio batean haren  jarraipena egiteko aukera badagoela.

 Lehenik, guraso edo seme-alaba izatea nolakoa da/zen, lehen eta orain, hizpide izan genuen, . Atal honetan galdera batzuei erantzuna bilatzen saiatu ginen, besteak beste, zer arrazoi egon daitezkeen umeak ekartzeko nahiz ez ekartzeko, zer desberdintasun dagoen lehengo eta oraingo seme-alaben bizimoduari dagokionez, egunerokoan zein diren ohiko une gatazkatsuak...



Bigarren partean lehen eta oraingo harremanak nolakoak diren/ziren jorratu genuen. Zer partekatu ohi zuten lehengo gurasoek seme-alabekin eta zer oraingoek, teknologia berrien erabilerak etxeko giroari nola erasaten dion,  konfidantza, errespetu eta komunikazioari buruz zer esateko daukagun, pandemiarekin zeozer aldatu den.....

Hirugarren eta azkenik, ariketa praktiko bat mahaigaineratu zen, alegia, ohiko bi egoera gatazkatsu horietako bi aurkeztu ziren eta nolabaiteko irtenbidea eman behar zitzaien. Halakoxe egoeretan  nork bere esperientziak kontatzeko ere baliatu genuen ariketa hau.

 


1. egoera: Aitor 17 urteko gaztea da. Bigarren hezkuntzan adiskide gutxi izan zituen eta familiarekin etxean denbora luzez egoteko ohitura du. Orain Unibertsitatean sartu da; horrek lagun-taldea zabaltzea ekarri du, eta, era berean, sozializatze irteerak areagotzea. Duela astebete hasi zen bere gurasoei esaten unibertsitateko ikaskide baten urtebetetze festara joan nahi duela. Ama beldur da, ez dituelako lagunak ezagutzen eta "lagun ezegokiekin" elkartzearik nahi ez duelako. Bere aitak, aldiz, ez du arazorik aurkitzen plan honekin, autoa ere utzi nahi dio festara joan dadin. Zer gomendatuko zeniekete guraso hauei jaietarako irteerak eta Aitorren holako beste plan batzuk maneiatzeko? Nola erabili beharko lukete agintea?

 

2. egoera: Iratxe neska alaia eta "pinpirina" da, telebista ikustea, txateatzea eta lagunekin elkartzea gustatzen zaio; gurasoek etengabe gogorarazten diote bere logela txukunduta eduki behar duela. Berak, protesta egiten ez duen arren, gutxitan betetzen du zeregina. Bere ama, etxean denbora gehien ematen duena, aldian aldiko, demanda egitetik etsipenera pasatzen da; batzuetan adorez eta irmo jokatzen du eta beste batzuetan amore emanez bere alabaren gela berak txukuntzea erabakitzen du. Iratxek bere gelaren ordenaz arduratu eta etxeko lan batzuk egiten lagun dezan ahalegintzea alferrikakoa dela dirudi. Zer egin dezake familia honek Iratxe arduratsuagoa izan dadin bere gauza guztiekin?



2021(e)ko otsailaren 27(a), larunbata

91. saioa - LEHENGO ETA ORAINGO ESKOLA




Argi dago lehengo eskolak eta gaur egungo eskolak ez dutela zerikusirik, eta horrela izan behar du, gizartea bera ere aldatzen doalako. Ezin ditugu gaur egungo ume eta gazteak, iraganeko metodologiekin, bihar-etziko gizarterako prestatu. Gainera, eskolaren jarduna sasoia eta ingurunearekin baldintzatuta dago. Ez du zerikusirik duela 50 urteko hezkuntzak, gaur egunekoarekin. Ordu hartako ezagutza eta baliabideak murritzagoak ziren, eta gainera diktadura baten azpian burutzen zen. Orain, aldiz, askatasun gehiago dugu, baliabide gehiago, nahiz eta jakin beharrekoak ere gehiago diren. Sasoi hartan ere, lehentasunak beste batzuk ziren. Lana hezkuntza baino garrantzitsuagoa zen, etxera dirua eroan behar zelako. Familiak ere zabalagoak ziren, eta kasu askotan, seme-alaba guztiek ezin zuten ikasi. Gaur egungo gizarteak ezagutza gehiago eskatzen duenez, ikasketa-urteak luzatu egin dira.

Baina bada kontu bat aldatu ez dena. Hezkuntza modu orokorrean hartzen badugu, pertsona bat gizarte osoak hezten du. Lehenengo hezitzaileak etxekoak dira, gurasoek gehien bat, ume edota gaztearen erreferentzia direnak. Horien lana gehien bat jarrera eta balio onak irakastea izango da. Eskola, bitartean, ikasleak beharko dituen ezagutzak irakasten ahaleginduko da. Ezin da dena eskolaren gain utzi. Gizarteak ere zeresana dauka, batez ere, pertsonaren nortasun eta garapenean.

Metodologietan ere aldaketa handiak egon dira, lehen egia absolutuak ikasten ziren, hala nola, matematika, historia, geografia… klaseak magistralak ziren, ia-ia dogmatikoak. Irakaskuntza edukietan oinarritzen zen. Ikaskuntza bakoitzaren erantzunkizuna zen. Gaur egun, edukiek garrantzi handia badute ere, badira beste ñabardura batzuk. Edukiak erdigunetik atera dira. Gaur egun, eskoletan, eduki horiek proiektuetan lantzen da, ideiak eztabaidatu egiten dira, eta, egitasmoak aurrera egiteko adostasun batzuetara heldu behar dira. Dagoeneko, ikasleak ez du bakarrik “buruz” jakin behar, ulertu eta ezarri behar du.

Pertsonen arteko harremanak ere zeharo aldatu dira Irakasle - ikasleen arteko harremanei begiratzen badiegu, lehen bazegoen hierarki argi bat irakasle – ikasleen artean, agian handiegia (inguruak eraginda, ziurrenez, diktadura baten geundelako), eta harremana askotan, begirunean eta beldurrean oinarritzen zen. Irakasleek bazuten nolabaiteko ”goragoko maila”, sendagilea, abadea, edo poliziaren pare. Zigorrak (askotan fisikoak) ziren diziplinaren ezaugarri esanguratsuena, eta beldurraren kabi. Maisu eta andereñoek esandakoa eta agindutakoa ez zen zalantzan jartzen. Gaur egun, aldiz, Irakasleen hierarkia aldatu egin da, beste langile bat bezala hartzen dira. Gainera, sarritan, euren jokaera eta erabakiak zalantzan jartzen dira, ikasleen garrantzia igo egin delako. Askotan, irakaslea – ikaslea maila berean jartzen dira, edo (inoiz) irakaslea gutxietsi egiten da. Hau ume gutxiago dagoen ondorioa (etxe bakoitzeko ume bat edo bi) izan daiteke, baina, gero eta banan – banakoagoa eta lehiakorragoa den gizarte baten gaudelako ere bai, eta norberarena lehenetsi behar dela uste delako.

Beste kontu bat, berdinen arteko harremanak dira. Ikasleen artean, harreman arruntak ematen dira kasu gehienetan, baina ez beti. Lehiakortasuna oinarri duen gizarte batean, ezberdina den oro, aberastasun-iturritzat hartu beharrean, laidotu eta gutxietsi egiten da, eta hiperkonektatuta gauden gizarte honetan, “bullinga”, eskola barruan ez ezik, kalean eta sarean ere ematen da, batetik bestera, erraz pasa daitekeelarik. Ohikoena, sareak zapalketaren katalizatzaile lanak egitea da. Lehen behintzat, norberaren “zapaltzailearen” joko-zelaia toki komunetara mugatuta egoten zen; gaur egun, mundu guztira zabaltzen da.

Argi dagoena zera da, hezkuntzan ere hitz egin eta eztabaidatzeko leku komunak behar ditugula, eskolak dituzten arazo eta erronkei buruz aritzeko. Baina eskola ez da izango gizarteak dituen arazo guztien konponbidea, beste aktore batzuek ere parte hartu behar dutelako, gizarteak oro har.



Talde txikitan bildu ginen hontaz eta hartaz mintzatzeko, eta lehengo eskolez hitz egiteko, baita txikitan genuen izaerari buruz berba egiteko: batzuek bihurriak, besteak lotsatiak, beste batzuk muskilak zintzilik ibiltzen ginen, tinta beltzez zikintzen zirenak ere garai batean, beste bat ere alferra, eta Ainarari “hizki mutua” deitzen zioten oso lotsatia eta beldurtia zenez, ez zuelako ahorik irekitzen.

Talde txikitan bildu ginen birtualki ZOOM bidez eta Aniceto bere aitonarekin baserrian igarotako garaiak kontatu zituen, Bizkargi pean baserri batean hark esandako esaera zaharrak gogoan: “Behargin txarra sarri kakalari” eta “urrun joan eta nekez etorri”. Horrela, lagun giroan konfiantzan txikitako eta eskola garaiko pasadizoak eta anekdotak kontatu genizkion elkarri, eta behin nola Lazkao Txikik Ainara txikiari esan zion Ahetzen: “zein neskato polita!”.

Horiek eta beste kontu asko atera ziren, lehengo eta gaur egungo garaiak alderatuz, eta oroiminez baina aurrera begira itxaropentsu izan nahian, ez ezkor ez baikor, baina eutsiz geureari, gure izanari, euskaltasunari suharki!

2021/02/06



2020(e)ko urriaren 19(a), astelehena

58. saioa: ANIMALIEN SOLASA

Duela 20.000 bat urte otsoak hezi zirenetik (gure gaur eguneko txakurrak bihurtuz), animalia ezberdinak gure bidaide izan dira. Animaliok hainbat onura dakarzkigute, elikagaia (haragia), inguruarekiko babesa (euren larruarekin sortutako jantziak), zaintza arrotza denaren aurrean, lanerako indarra (batez ere makinak ugaritu aurretik)... eta laguntasuna. Azken betebehar hau maskotek betetzen dute.

 Maskoten kopurua emendatzen doa mundu osoan. Datu argigarri bat: Espainiako estatuan, hamabost bat miloi maskota daude; hau da, hamabost urte azpiko pertsona baino gehiago. Honen arrazoietako bat, gero eta etxebizitza gehiago daudela pertsona bakarrarekin, eta bakartasuna horren aurrean, gure erantzuna, sarritan, maskota bat hartzea da. Beste arrazoietako bat populazioa orokorrean, zahartzen dagoela da. Nagusiak gero eta gehiago bizi dira, baina, askotan, bakarrik bizi dira, bere bikotea hil egin delako. Banatu berri diren bikoteen artean ere nolabaiteko erantzuna da. Azken talde baten, seme-alaba bakarra duten familien artean ugariak dira, seme – alabari lagun egin diezaion.

 Baina maskota bat edukitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Animaliok beraien beharrizanak dituzte; elikatu behar dira, euren osasuna zaindu, hezi egin behar dira, kontrolatu egin behar dira, …. Maskotok onurak ekartzen dizkiguten arren, gastu ekonomiko, astiarena, lanarena, eta beste abar batzuk ere badakartzate.

 Animaliak hartzen ditugunean, gure aurreikuspenak ez dira betetzen, eta inoiz, muturretako egoera baten sartzen gara. Sarri, euren beharrizanak ezin ditugu bete; ez daukagulako baliabide ekonomikorik (elikagai egokia, albaitaria, txertoak, txipa, Alemanian aparteko zerga, …) ez daukagu astirik (errutina batzuk bete behar dituzte; kalera atera, ….), ez daukagu eurentzako toki egokirik, txikiak zirenean politak edo maitagarriak ziren, baina hazterakoan, ez ditugu nahi; hazterakoan, ez ditugunez hezi, ezin ditugu kontrolatu, …. Orduan, jendeak ikuste duen aukerarik errazena animalia bakarrik uztea da. Gogoratu behar da animaliak bakarrik uztea legearen haustea dela, eta kartzela zigorra jesan genezakeela. Hala eta guztiz ere, gure lagunak edozein bazterretan uzten jarraitzen dituzte. Espainiako estatuan, urtero 140.000 txakur eta katu etxetik kanporatuak izaten dira. Aurtengo maiatzaren azkenean, etxean isolatzea amaitu zenean, 20.000 txakur baztertuak izan ziren. Horregatik maskota bat izatea ez da arin baten hartu behar den erabaki bat izan behar ondo hausnartutakoa baino.

 Maskotatzat hartzen diren animalia motak ere ezberdinak daude. Esate baterako, lan gutxi ematen dituztenak, kaiolan sartuta egoten direnak; txoriak, hamsterrak,  … eta arrainontzietan egoten diren arrainak. Gero, badaude lan gehiago ematen dituztenak; txakurrak, katuak, txerriak, …. Animaliak hauek hartzerakoan badaude joera bi: jaioberriak nahi dituztenak eta animalia zaharragoak hartzen dituztenak, bigarren aukera bat emateko. Lehenengokoen kasuan, animalien garapen osoa ikusteko aukera izango dute, baina baita, bere heziketagaz arduratzeko lana. Bigarren kasuan, animaliari bigarren aukera bat emango diote, ziurrenez otzanagoa izango da, dagoeneko hezia izan delako. Hala ere ajeren bat izan dezake, nolabait osotu beharrekoa. Gainera, animalia-zaintzaileak ez dute animaliok edonori ematen. Jabe berriak gutxienezko baldintza batzuk bete behar dituzte; animaliarentzako toki egokia, baliabide ekonomikoak, …

 Maskotak, askotan, guri lagun egiteko hartzen ditugu, harreman bat sortzen da. Harreman hori, sakondu egin daiteke, harreman estu bat sortuz. Halako erlazio sinbiotiko bat sortzen da, zeinetan, alde guztiak onurak hartzen dituzten. Baina, animaliok, gehienetan, bizitza mugatua dute, eta gehienetan, jabeak baino arinago hil egiten dira. Orduan, izan duten harremanaren arabera, gizakiak halako dolu bat jasan/igaro behar du, laburra edo luzea izan daitekeena, kasu batzuetan urte betera arte izan daitekeena. Badago jendea animaliei kalako hileta liturgia bat ematen dietena, eta gizakiak bezala lurperatu egiten dituztenak.

 Azken hausnarketa bezala, maskota bat edukitzeak onura asko ekar ditzake, oso lotua da, baina, batez ere, erantzukizun guztiarekin egin behar da.





 Oier Zorrontza.

2020(e)ko irailaren 27(a), igandea

ARGI-KUTSADURA.

 Egia da, hemen, Euskal Herrian, astronomia elkarte asko ez daudela. Honetarako arrazoi nagusi bi begitantzen dira; alde batetik, gure inguruneak jasaten duen eguraldi aldakorra, eta bestetik, ingurune populatu eta garatu honetan dagoen izugarrizko argi-kutsadura. Eguraldiarena ezin da saihestu, baina argi-kutsadurarena beste kontu bat da.

 Hiriguneak, industria poligonoak eta saltoki guneak; eta errepideak argitzeko erabiltzen den argiteriak dira kutsatzen honen sorburuak. Egoera hau aldagarria da? Argitze-sistema eraginkorragoak erabil daitezke. Esate baterako, kaleko argien oinak hain luzeak ez dira zertan izan behar. Argitu behar duten esparrua gero eta urrutiago egon, argi horrek intentsitate gehiago beharko du, gehiago kontsumitzen da eta espaziorantz gehiago islatzen da. Ez da gauza berdina 10 metro edo 5 metrotako altuera batetik ingurunea argitu behar izatea; gainera lurrerantza bakarrik argiztatzen duten argiak soilik erabili beharko lirateke. Badira, baita, beharrezkoak ez diren argiak gune ezberdinak iragartzeko erabiltzen diren argi publizitarioak, erabat kentzen ez badira ere, ordu txikietan itzalita egon ahal direnak, gauza berdina esan daiteke, herri barruan ez dauden parkeen argiteriaren inguruan. Beste kontu bat argiterian erabiltzen den argiaren izaeran dago; argia zenbat eta zuriagoa izan, energia gehiago du eta indar gehiagorekin islatzen da. Astronomiaren ikuspuntutik, argi gorristak egokiagoak dira, espektroan indar gutxien dituztenak direlako. Gaur egun, udal askok jartzen dituzten LED zurizko argiak ez dira egokienak. Politikoak dira guzti hau arautu behar dutenak, baina ez dirudi arazo hau euren lehentasunen artean dagoenik, alde batetik ez duelako izaera ekonomikorik, eta bestetik, presio-taldeen eragina jasan beharko luketelako (enpresak, jendea, …).

 Argi gehiegi dagoenean, gure ziklo zirkadianoa aldatu egiten da, esna-aldia eta lo-aldiak ez ditugulako mantentzen, orduan gure hormonen eragina aldatu egiten da; melatonina kortisola, serotonina eta dopamina jokoan sartzen dira. Horien ondorioz, gure sistema inmunitarioria, memoria eta jokaerak aldatu egiten dira.

 Gehiegizko argi kutsadura honek ez dio gizakiari bakarrik eragiten, inguru horietan bizi diren beste espeziei baita. Adibidez, dortoken kasuan, hauek hondartzatan jaioten dira, eta itsasoko ilargi betearen distira aprobetxatzen dute, zein norabidean joan behar diren jakiteko; inguruan argi indartsuagoren bat badago, noraezean geratzen dira, hil egiten direlarik. Hegaztiak, euren migrazioetan, euren bideari utzi egiten dioten eta argi distiratsuen inguruan  biraka hasten dira, beste kasu batzuetan, eraikinekin talka egiten dute. Intsektuek ere, argi urdin eta ubelak ikusten dituzte, gehien bat; guk argi zuria (urdin ugaria duena) igortzen dugunez, argi hauen inguruan ibilten dira. Animalia guztiek  badaukate euren erritmo biologikoa, batzuk argipean bizi dira, beste batzuk gautarrak dira. Gizakiok argiak pizten ditugunean, animali askoren erritmoa aldatzen dugu , nekatu eta orientazioa galdu egiten dute, saguzarrak, esate baterako.  Animalien ekintza asko argipeko ordu kopuruagatik baldintzatuta daude, hazkuntza, ugalketa eta migrazioak, esaterako; euren inguruan etengabeko argitasuna sortzen badugu, animali horiek ez dira inoiz garatuko.

 Gizateriaren garapenak onura asko ekarri du, milaka, milioika estimuluz goza genezake gure inguruan.  Gizakia zeru garbia begiratzeri utzi egin dio, jokaera antropozentriko bat hartuz, espazioan gertatzen diren ikuskizunak ahaztuz.


Euskal Herriko argi-kutsadura. Zuri eta gorriz argitsuenak, urdin ilunez, kutsadura gutxien duten eremuak.


 

 Oier Zorrontza.