2021(e)ko otsailaren 27(a), larunbata

91. saioa - LEHENGO ETA ORAINGO ESKOLA




Argi dago lehengo eskolak eta gaur egungo eskolak ez dutela zerikusirik, eta horrela izan behar du, gizartea bera ere aldatzen doalako. Ezin ditugu gaur egungo ume eta gazteak, iraganeko metodologiekin, bihar-etziko gizarterako prestatu. Gainera, eskolaren jarduna sasoia eta ingurunearekin baldintzatuta dago. Ez du zerikusirik duela 50 urteko hezkuntzak, gaur egunekoarekin. Ordu hartako ezagutza eta baliabideak murritzagoak ziren, eta gainera diktadura baten azpian burutzen zen. Orain, aldiz, askatasun gehiago dugu, baliabide gehiago, nahiz eta jakin beharrekoak ere gehiago diren. Sasoi hartan ere, lehentasunak beste batzuk ziren. Lana hezkuntza baino garrantzitsuagoa zen, etxera dirua eroan behar zelako. Familiak ere zabalagoak ziren, eta kasu askotan, seme-alaba guztiek ezin zuten ikasi. Gaur egungo gizarteak ezagutza gehiago eskatzen duenez, ikasketa-urteak luzatu egin dira.

Baina bada kontu bat aldatu ez dena. Hezkuntza modu orokorrean hartzen badugu, pertsona bat gizarte osoak hezten du. Lehenengo hezitzaileak etxekoak dira, gurasoek gehien bat, ume edota gaztearen erreferentzia direnak. Horien lana gehien bat jarrera eta balio onak irakastea izango da. Eskola, bitartean, ikasleak beharko dituen ezagutzak irakasten ahaleginduko da. Ezin da dena eskolaren gain utzi. Gizarteak ere zeresana dauka, batez ere, pertsonaren nortasun eta garapenean.

Metodologietan ere aldaketa handiak egon dira, lehen egia absolutuak ikasten ziren, hala nola, matematika, historia, geografia… klaseak magistralak ziren, ia-ia dogmatikoak. Irakaskuntza edukietan oinarritzen zen. Ikaskuntza bakoitzaren erantzunkizuna zen. Gaur egun, edukiek garrantzi handia badute ere, badira beste ñabardura batzuk. Edukiak erdigunetik atera dira. Gaur egun, eskoletan, eduki horiek proiektuetan lantzen da, ideiak eztabaidatu egiten dira, eta, egitasmoak aurrera egiteko adostasun batzuetara heldu behar dira. Dagoeneko, ikasleak ez du bakarrik “buruz” jakin behar, ulertu eta ezarri behar du.

Pertsonen arteko harremanak ere zeharo aldatu dira Irakasle - ikasleen arteko harremanei begiratzen badiegu, lehen bazegoen hierarki argi bat irakasle – ikasleen artean, agian handiegia (inguruak eraginda, ziurrenez, diktadura baten geundelako), eta harremana askotan, begirunean eta beldurrean oinarritzen zen. Irakasleek bazuten nolabaiteko ”goragoko maila”, sendagilea, abadea, edo poliziaren pare. Zigorrak (askotan fisikoak) ziren diziplinaren ezaugarri esanguratsuena, eta beldurraren kabi. Maisu eta andereñoek esandakoa eta agindutakoa ez zen zalantzan jartzen. Gaur egun, aldiz, Irakasleen hierarkia aldatu egin da, beste langile bat bezala hartzen dira. Gainera, sarritan, euren jokaera eta erabakiak zalantzan jartzen dira, ikasleen garrantzia igo egin delako. Askotan, irakaslea – ikaslea maila berean jartzen dira, edo (inoiz) irakaslea gutxietsi egiten da. Hau ume gutxiago dagoen ondorioa (etxe bakoitzeko ume bat edo bi) izan daiteke, baina, gero eta banan – banakoagoa eta lehiakorragoa den gizarte baten gaudelako ere bai, eta norberarena lehenetsi behar dela uste delako.

Beste kontu bat, berdinen arteko harremanak dira. Ikasleen artean, harreman arruntak ematen dira kasu gehienetan, baina ez beti. Lehiakortasuna oinarri duen gizarte batean, ezberdina den oro, aberastasun-iturritzat hartu beharrean, laidotu eta gutxietsi egiten da, eta hiperkonektatuta gauden gizarte honetan, “bullinga”, eskola barruan ez ezik, kalean eta sarean ere ematen da, batetik bestera, erraz pasa daitekeelarik. Ohikoena, sareak zapalketaren katalizatzaile lanak egitea da. Lehen behintzat, norberaren “zapaltzailearen” joko-zelaia toki komunetara mugatuta egoten zen; gaur egun, mundu guztira zabaltzen da.

Argi dagoena zera da, hezkuntzan ere hitz egin eta eztabaidatzeko leku komunak behar ditugula, eskolak dituzten arazo eta erronkei buruz aritzeko. Baina eskola ez da izango gizarteak dituen arazo guztien konponbidea, beste aktore batzuek ere parte hartu behar dutelako, gizarteak oro har.



Talde txikitan bildu ginen hontaz eta hartaz mintzatzeko, eta lehengo eskolez hitz egiteko, baita txikitan genuen izaerari buruz berba egiteko: batzuek bihurriak, besteak lotsatiak, beste batzuk muskilak zintzilik ibiltzen ginen, tinta beltzez zikintzen zirenak ere garai batean, beste bat ere alferra, eta Ainarari “hizki mutua” deitzen zioten oso lotsatia eta beldurtia zenez, ez zuelako ahorik irekitzen.

Talde txikitan bildu ginen birtualki ZOOM bidez eta Aniceto bere aitonarekin baserrian igarotako garaiak kontatu zituen, Bizkargi pean baserri batean hark esandako esaera zaharrak gogoan: “Behargin txarra sarri kakalari” eta “urrun joan eta nekez etorri”. Horrela, lagun giroan konfiantzan txikitako eta eskola garaiko pasadizoak eta anekdotak kontatu genizkion elkarri, eta behin nola Lazkao Txikik Ainara txikiari esan zion Ahetzen: “zein neskato polita!”.

Horiek eta beste kontu asko atera ziren, lehengo eta gaur egungo garaiak alderatuz, eta oroiminez baina aurrera begira itxaropentsu izan nahian, ez ezkor ez baikor, baina eutsiz geureari, gure izanari, euskaltasunari suharki!

2021/02/06



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina