2021(e)ko uztailaren 27(a), asteartea

139. saioa - ITXURAREN ERALDAKETA.

 

ITXURAREN ERALDAKETA.

Aldaketa arinak.

Itxura da bestearen aurrean norberak erakusten duen lehenengo ezaugarria, begietatik sartzen dena, eta zuzenean burmuinera doana. Horrek, gure izaerari lotuta, hau da, ezezagunaren aurrean erne egon beharrarekin batera, askotan aurreiritzi eta aurre-epaiketa batzuk sortzea dakar. Esate baterako, enpresa batek norbait kontratatu nahi duenean, sarri askotan, gehienetan ez esatearren, hautagaien argazkia eskatzen dute, lehenengo baheketa egiteko asmoz. aldiz, bere irudiarekin ziur ez dauden hautagaiak bere irudia ematen saihesten ahalegintzen dira.

Askok norberaren itxura, pertsona horrek duen nortasunaren isla dela diote. Batzuk bestearengandik ezberdintzeko erabiltzen dute, askatasun eta erabakitzeko gaitasunaren seinale, beste batzuk ifrentzuan, talde baten barruan onartuak izateko, talde horren ezaugarrien barruan egoten ahalegintzen dira.

Guzti honi denboraren faktorea gaineratu behar zaio, gure itxura egonkorra ez delako. Gure gorputzak hazten eta zahartzen doazen heinean, eraldatu egiten dira: azalak tximurtzen dira, ilea erorten eta urdintzen da, … halabeharra da. Askotan aldaketok era natural baten hartzen ditugu, bestetan, aldaketon ekiditen edo ostentzen ahalegintzen gara, galduko dugun partida dela jakinda.

Azken hamarkadetan eman den aldaketa generoaren arteko bateratze bat eman dela da, hein txiki batetan bada ere. Gaur egun, ile luzedun gizonezkoak, ile laburdun emakumezkoak, arrakadadun (beste gehigarri batzuen artean) gizonezkoak ikustea, ez da hain bitxia. Gizonezkoek euren itxura gehiago zaintzen dute, azalaren hidrataziotik hasita orrazkeraren zainketaraino. 

Denboran zehar ematen diren aldaketen barruan, ohikoena, batez ere gizonen artean, ilearen galtzearena dago. Y kromosomari lotuta, emakumeek aldaketa hau jasatea ez da ohikoa, oso adinekoa ez bada, edo egoera zailak bizi ez baditu. Talde barruan dauden gizonezkoak ikusita, orokorrean, arazo hau gutxi jasan dutela esan behar da. Gertaera honen aurrean, hainbat irtenbide daude. Lehen egiten zena, berezko erorketa uztea zen. Gaur egun, oraindik gazte samarrak izanagatik galtzea jasaten dutenen artean, askok buru osoa soiltzea erabakitzen dute. Gutxi batzuk (gero eta gehiagok, ustez), iruditik bizi direnak askok, tenislari ezagun bat tartean, ile-txertaketara joten dute.

Guztioi gertatuko zaiguna ilea urdintzearena da. Arinago edo geroago gertatuko den zerbait da. Ohikoena berrogeitakaz urterekin ilea urdintzen hastea da, melanozitoek euren betebeharra galtzen dutelako, baina batzuengan funtzio hori arinago galtzen dute, eta ilearen zuritzea azkarrago ematen da. Klasikoki, emakumeek ilea labur mantendu eta tindatu egiten zuten, gizonezkoak aldiz, bere horretan uzten zuten. Honek generoen arteko aldea iradoki dezake, emakumeek euren gizon/senarrentzako “eder eta gazte” mantendu behar zirela. Azken urteetan, hau aldatzen joan da. Gero eta emakume gehiago ile urdinduarekin ikusten dira, eta gizonezko askok, euren ilea tindatzen dute. Gaztea izanagatik ere ilea tindatzeko aukera dago, kolore anitzekin. Zer egon liteke honen atzean? Ezberdindu nahi izatea, norbere burua aspergarritzat jotea eta aldatu nahi izatea, edota artisten artean, berezkoa dela ezberdintzea, nabarmentzeko, batez ere.

Alemanian badago joera bitxi bat 8-9 urteko neskatoak ilea oso luze uztea. Gizonezkoen artean ere, ile luzedun alerik ikustea, ez da bitxia izaten. Gizonen artean ere, kontrako joera eman da, hau da gorputza ilez bipiltzeko joera. Hasieran, kirolari batzuk egiten zuten, hala nola txirrindulariak, igerilariak, boxeolariak, futbolariak, … baina modan jarri den zerbait dela dirudi.

50-60ko hamarkadetan, hondartzetara eguzkia hartzera joatea ohikoa bihurtu zen, eta beltzaran jarri nahi izaten zen. Eguzkia hartzeak A eta D bitaminaren aktibatzea dakar eta honek osasuntsuago egotea iradokitzen zuen. Kontutan hartu behar da, gizateria, bigarren mundu gerraren ostean zegoela (Espainiako estatuan, guda zibilaren ostean), eta sasoi oso gogorrak pasatu behar izan zituela, batez ere, goseteak zirela eta. Pertsona batzuk beltzarantze hau muturrera eraman nahi izaten dute. Azken hamarkadetan, Eguzki-izpien aurreko esposizioak azaleko minbizia eragin dezakeela jakin da, izpi ultramoreek zeluletako material genetiko eraldatzen dutelako, batik bat. Talde barruan, jendeak ez du bere azala beltzaraztea bilatzen, batzuk berehala gorritzen direlako, besteak azal zuriak gogokoago dituztelako. Azaleko minbizia zela eta pertsona bati aurpegia deformatu zitzaiola aipatu izan da. Aipagarria da, nola aurreko gizaldietan, pertsonak garrantzitsuak ahalik eta estalien joatea bilatzen zutelako, beltzaraztea nekazal guneetako eta kalean lan egiten zuten langileen ikurra zelako.

 

Aldaketa sakonagoak.

Itxuraren aldaketa sakonagotzat piercingak eta tatuaiak egitea hartu dira besteak beste, aldaketa horiek ezabatzea erraza ez direlako. Egia esan ez dira oso kasu arruntak izaten, baina eman … ematen dira. Batzuk piercingak egitea erabakitzen dute, agian asaldatze edo errebeldia ikur bezala, ohikotik harago joateagatik, … 70. hamarkadako punk taldekideek halako ikurrak edukitzen zituzten, eta hauen erabilera zabaldu egin zen. Kontua hurrengoa da. Badirudi piercingnaren kontua ez dela genero islatzatzaile bat, gehien bat gazteen artean ematen den ohitura bat dela, bai gizon bai emakumezkoen artean. Erabiltzaileen artean, bi motatakoak sailka genitzake; piercinga agerian darabiltenak (euren ezaugarriak erakusteko nahiarekin) edota piercinga ostenduta daroatenak (piercing eurentzako egin dutelako, edota bizitza profesionalean eraginik ez izatea nahi dutelako). Taldekideen artean, norbaitek piercingen bat eginda duela aitortu du (bularraldean, kasu honetan). Ezagunen batek, piercingen bat egin zuela aipatu da (zilborrean, kasu honetan).

Tatuaiena beste mundu bat da. Antzina, etnia askotako partaideek euren gorputzak marrazten zituzten. Batzuetan artearen parte, euren artean ezberdintzeko era, besteetan erritualen parte bezala eta inoiz tatuaia eramaten zuen pertsona besteentzat “markatuta” gera zedin burutzen ziren. Gaur egun. funtzio erabat estetikoa burutzen dute. Tatuaiak egiterako orduan bi eratakoak bereiz daitezke; testuak idazten dituztenak eta irudiak. Testuetan ohikoak dira, seme-alaben izenak jartzea, edo maite den norbaitena, baita norberarentzat oso esanguratsuak izan diren esaldiak. Irudien artean, aniztasuna zabalagoa da. Badaude tatuaia txiki bat daramatenak, baita gorputz ia osorik marrazten dituztenak. Piercing kasuan bezala, tatuaiak ibilbide profesionala baldintzatuko duen tokian egitea aholkatzen da, hau da, gehien bat, jantzien azpian gera dadila. Taldean tatua egiteko nahia agertu da, bere ikurra izango litzatekeen irudia maraztuz. Batzuei tatuaiak ondo geratzen zaizkiela aitortu da.

Beste aldaketa sakonagoak egitea, ez da batere ohikoa, baina eman … ematen dira; pertsona bitxitzat eta nabarmentzeko nahiarekin sailkatuko genituzke. Badaude bekokian, azal azpian, puxtarri bezalako batzuk jartzen dituztenak, adarrak irudikatzeko; aurreko haginak zorrozten dituztenak, itxura oldarkorrago bat emateko, …

 

Hobetzeko ebaketak.

Gehienetan, pertsonak euren gorputzarekin nahiko eroso daudela esan behar da. Batzuk pisua murriztuko lukete, baina hori ariketa fisikoarekin lor daitekeela uste da. Egia da, estetikaren mundua ikaragarri garatu dela, batez ere, azalekoagoa den mundu baten bizi garelako, gorputz gazte eta perfektuen ametsa, gero eta nabarmenagoa da. Hori da,  behintzat, filmak erakusten digutena. Pertsonai nagusiak, gehienetan, gazte lerdenak izaten dira, ia akatsbakoak. Lerdentasun horren bila, askok ebaketa estetikoetara eta euren gorputzetan gehigarriak jartera joten dutenak; titien neurria handitzeko eskatzea ez da bitxia, eta gero eta gizarte lodiago batetan, liposukzioak gero eta ohikoagoak dira, besteak beste.

Beste alde batetik, badaude estetikatik harago doazen ebaketak. Ebaketa plastikoak istripu edo eraso baten ondorioz sortutako kalteak, adibidez, konpontzeko erabiltzen diren ebaketak dira. Horrek erabat beharrezkoak ikusten dira, konpontzaileak ezezik, terapeutikoak ere direlako.

Taldekideek ebaketa txikiak egingo lituzketela aipatu da, erabat beharrezkoak ez badira ere; batek, begiak egingo lituzkeela esan zuen, betaurrekoak kentzeko asmoz, baina beldurra daukala, beste batek, betazalak murriztuko lituzkeela eta garau bat kendu, …

 

Azkena.

Jendearen itxuraren aurrean, aurreiritziak izatea normala da, etorkizunean gerta daitekeenaren aurren prestatzen gaituelako; baina, azken finean, aurreiritzi horiek gure erabakiak baldintzatzen dituztenez, guk geuk gure etorkizuna baldintzatzen dugu, gehienetan oinarri handirik gabeko aurre-epaiketekin. Umeek, gizartearen eragin txikiagoa izan dutenek, ez dute itxuraren aurreko aurreiritzirik, eta guztien aurrean antzera jokatzen dute.

 

Oier Zorrontzatik.

 

2021(e)ko uztailaren 13(a), asteartea

135. saioa - Etorkizunaren igarleak

Gaurko saioan 15 lagun elkartu gara etorkizunaren igarleei buruz berba egiteko. Nahiz eta hasieran gaia ez den oso erakargarria izan, pentsatu baino gehiago komentatu dugu horri buruz. 

Hiru ataletan aritu gara giro onean, oso gustora. Hasteko, lehenengo atalean galdera batzuk erantzun ditugu:

   "Zodiakoaren zeinuak, eskuaren irakurketa, kafearen hondarra, tarotak, gutun astrala" Inoiz erabili al duzu metodo hauetakoren bat zure etorkizuna jakiteko? Zein zeinu duzu zuk? Interesatzen zaizu gai hau? Zergatik? Inoiz irakurri duzu horoskoporik? Sinesten duzu horretaz?  Ezagutzen dituzu horoskopo ezberdinak? Nahiko zenuke jakitea etorkizunak zer ekarriko dizun? Nola aldatuko luke horrek zure bizitza? Dirua, osasuna, lana eta maitasuna dira galderarik tipikoenak. Zeri buruz galdetuko zenuke zuk?

Taldeen ekarpen batzuk:

  "Laurok esan dugu ez diogula ematen sinesgarritasun handirik, baina norbaiti

zalantzaren bat sortu zaio eskua irakurri diotenean eta asmatu diotenean zerbait. Hala eta guztiz ere, norbaitek aipatu du ordu zehatz batean edo bestean jaiotzeak ezaugarri berezi batzuk dakartzala pertsonarengana. Taldekideek azaldu dute ez diotela sortzen interes handirik etorkizuna igertzeak eta ez dutela irakurtzen horrelakorik, salbuespenen bat izan bada ere. Aipatu da Brasilen itsas-barraskiloak "irakurtzen" direla; beste kide batek kafe-hondarrak ere "irakurtzen" direla esan du."

"Lehenengo galdera multzoan, lagunek aitortu dute ez dutela halako etorkizuneko igarkizunetan gehiegi sinesten. Hori bai, denek daukate argi zeintzuk diren euren horoskopoko ikurrak. 
Alde batetik honelako iritziak agertu dira:"Oinarribakoa, zentzugabea, siniskerietan oinarritua, zerbait (dirua, botera, …) lortzeko asmoz egiten den ohitura." 
Beste aldetik gauza bitxiak ere aipatu dira: lagun bat eta bere etxekoak Donostiatik Bilboraino joan ziren, gutun astrala egitera. Beste lagun batek, sinestu ez arren, alaben gutun astrala daukala aitortu digu, haien amonak eginarazi zielako. Bitxia benetan!!"


Bigarren ataleanhiztegia landu dugu; alegia, adjektiboak zeinu bakoitzarekin lotuta. Horretarako, lagun bakoitzaren zeinua bilatu eta adjektiboak  irakurri ditugu: batzuk beste batzuk baino ezagunagoak dira; beraz, ezezagunak direnak ulertzen saiatu gara. Eta bakoitza adjektibo horiekin ados zegoen ala ez komentatu dugu gure artean.

Atal horretan lagun batzuk guztiz ados egon dira zeinuekin lotuta zeuden adjektiboekin, beste batzuk, berriz, erabat aztoratuta gelditu dira. Talde batean familiaren zeinuak ere aipatu dira, eta adjektibo horiekin senideak islatuta ikusi dituzte. 

Bukatzeko, "ZUEK IGARLE" izeneko atalaz hitz egin dugu, hau da, taldean ez dagoen lagun baten hurrengo asterako horoskopoa asmatzeaz taldeka. Oso emaitza dibertigarriak atera dira azken atal honetan. Hona hemen talde bakotzaren iragarpenak:

"Gure iragarpena datorren asterako, Alvarori dagokionez: 

Álvaro, adinean gora zoaz eta kirol gehiago egin beharko duzu zure osasun mentala zaintzeko eta zure jeloskortasunak uxatzeko. Bestela, zure lana ere galtzeko arriskua izango duzu. Berdin da zein motatako kirola, baina atera etxetik eta erre zure alde txarrak. Zure lana dela eta, norbait berezia ezagutuko duzu, barne-barnean kili-kili egingo dizun norbait. Baina berriz ere, zure obsesioak arriskuan jar dezake maitasun berri hau eta galtzeko arriskuan izango zara. Ez ahaztu, osasun mentala eta osasun fisikoa elkarrekin doaz."

"AndreaHurrengo hilabetean oporrak edukiko dituzu. Etxetik ateratzen bazara, hotzeri handia har dezakezu. Beraz, kontuz! Ez ahaztu lepokoa eta txanoa! Kirola egin behar duzu, egunero ordu asko eserita pasatzen dituzu eta. Jende berria ezagutzeko, zoaz dantza talde berri batera. Han zure bihotzeko azukre koxkorra ezagutuko duzu! Baina badaezpada ere, galdetu zein horoskopo duen! Bigarren hamabostaldian jokatu loteria: ez zaizu tokatuko! Baina nork daki zer gehiago gertatuko den..."

Azken taldeak ere Alvarori egin dio horoskopoa, eta oso erne entzun du gure lagun honek horoskopoaren irakurketa!

·        Álvaro, proiektu berri batean parte hartzeko deituko zaituzte. Dirua erruz irabaziko duzu. Lagun batekin istiluak izango dituzu, egitasmo horretan parte hartzeagatik. Egitasmo horretan parte hartzera berandu helduko zara eta zure bizitzan garrantzitsua izango den pertsona bat ezagutuko duzu. Maitasun arloan, ezkontzeko proposamena jasoko duzu. Zure bizitzan zehar, sei seme-alaba edukiko dituzu.  Osagileak gehiago zaintzeko ohartaraziko dizu: adinean gorantz zoazela eta analisien zenbakiak hobetu behar dituzula, batez ere, gibeleko gaixotasunak direla eta; alkohola baztertu egin behar duzula.


Zein da zure zeinu zodiakoa? Ziur ez bazaude, eman begiratu bat segidan duzun zerrendari: 


 CAPRICORNUS / ITSAS AHUNTZA (abenduak 24-urtarrilak 20)

AQUARIUS / UREZTATZAILEA (urtarrilak 21-otsailak 18)

PISCES / ARRAINAK (otsailak 19-martxoak 20)

ARIES / AHARIA (martxoak 21-apirilak 20)

TAURUS / ZEZENA (apirilak 21-maiatzak 20)

GEMINI / BIKIAK (maiatzak 21-ekainak 20)

CANCER / KARRAMARROA (ekainak 21-uztailak 20)

LEO / LEHOIA (uztailak 21-abuztuak 23)

VIRGO / BIRJINA (abuztuak 24-irailak 23)

LIBRA / BALANTZA (irailak 24-urriak 23)

SCORPIUS / ESKORPIOIA (urriak 24-azaroak 23)

SAGITARIUS / SAGITARIOA (azaroak 24-abenduak 23)


...eta kontaiguzu nolakoa zaren eta horoskopoak edota etorkizun iragarleak kontuan hartzen dituzun zure bizitzan!




Egilea: Andrea Uruguai

2021(e)ko uztailaren 11(a), igandea

BIZITZAN GIDARI.

 

 

BIZITZAN GIDARI.

 

Mundu honetan garapenak aurrera egiten duen heinean, ibilgailuen erabilera ezinbestekoa bihurtzen ari da. Hirietan gero eta jende gehiago bizi da, hauen neurria handituz. Industri guneak aldiz, herri-guneetatik ateratzen dira, hauek sortzen duten kutsadura bizilagunengan eraginik eduki ez dezaten. Aisialdia, gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, eta aisi guneak  gero eta urrutiago bilatzen ditugula esan behar da. hurbileko aukerak ez dira nahikoak.

Guzti honek ekarri duena, beste arrazoi batzuen artean, jendearen mugikortasunaren areagotzea, eta aldi berean, garraioaren garapena, zentzu guztietan. Estatu ezberdinen aberastasunaren arabera, garraioa garatuagoa egongo da. Herri aberatsetan garraio publikoa ugaria eta anitza izango da, ia bazter guztietara helduko dena, maiztasun handiarekin. Gauza berdina esan daiteke, herri horietako biztanleek edukiko duten ibilgailu pribatuak eskuratzeko aukerarekin. Estatua hain aberatsa ez denean, bai garraio publikoa bai ibilgailu pribatuak eskuratzeko gaitasuna murritzagoa izango da. Azken honetan, bizimodua eta garapena motelagoa bilaka liteke.

Herri edo hiri baten, batez ere hiriburuetan, bertan lan egiten duen pertsona batek , ez du derrigorrez, ibilgailu pribaturik behar; herriak edo hiriak eskaintzen dion garraio publiko sistema nahikoa izaten da, bere beharrizanak asetzeko. Beste kontu bat da, herri txiki, auzo bakartu eta isolatuta dauden etxebizitzako bizilagunena. Toki horietan, ez dituzte zerbitzu guztiak eskuragarri eta ibilgailu pribatuaren erabilera beharrezkoagoa izaten da.

Ibilgailu pribatuaren artean autoa nagusia da; nagusia ezezik erregea da. Etxeko bizilagunen kopuruari hobetoen doitzen dena da. Seguru samarra da, berehalako mugikortasuna eskaintzen du, askatasuna ematen du, horrekin ez diozu inori itxaron behar, zure astiaren jabe bihurtzen zara. Baina autoek badute bere alde txarra; kutsadura izugarria sortzen dute, askorentzat ez dira eskuragarriak oso garestiak direlako, eta etengabeko diru-xahuketa sortzen dute, energia eta mantenua behar dutelako.

Etxe bateko bigarren inbertsio garrantzitsuena izaten da, eta askoren ustez, etxe bateko kideek eduki dezaketen estatus ekonomikoaren adierazle. Halako ibilgailua badaukazu holako ahalmen ekonomikoa daukazu. Hau, noski, ez da arau bat eta ez ohi da betetzen.

Beste ñabardura bat kotxearen (ibilgailu nagusia) erabileraren ohitura da. Puntu honetan, etxe baten barruan egon daitekeen indarren dema nabarmentzen da, hau da, matxismoa. Etxe batetan auto bat bakarrik badago edo familiak batera bidaiatzen badu, nor izaten da gidaria? Egia esan gizonezkoak izaten dira, hein handi batetan, familiako gidariak; eta sarri, euren gogokoak duten ibilgailuak erosten dira. Antzina, aitzaki merkea egoten zen, gizonak izaten zelako etxera “dirua” ekartzen zuena edota, bera izaten zelako, etxean gida-baimena zeukan bakarra. Gaur egun, ohitura horrek ez dauka zentzu handirik, emakumeak etxeko ekonomian ere parte hartzen dutelako, eta beraiek ere, gidatzeko baimena eskuratuta dutelako. Hala ere, aspaldiko ohiturak errepikatu egiten dira.

Gaur egun, gida-baimena lortzea gaztea zarenean ohikoa da, beti ere pertsona edota familiaren ahalmen ekonomikoaren arabera. Ez da beti horrela gertatu. lehen behintzat, beharrizanagatik lortzen zen. Gida-baimena lortzea ez zen erreza, are gutxiago ibilgailu bat eskuragarri izatea. Lehen autoa erosteko arrazoietako bat lanera heltzeko bitartekari bat izatea izaten zen, eta horrek beste erabilpen batzuk ematea ahalbideratzen zuen. Lehen herri-garraioak bere mugak zituen.

Autoa gidatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta ibilgailu batekin gabiltzanean, istripuak sorrarazten duen makina beten jabe garela konturatu behar gara, eta muturreko kasuetan, hildakoak sor ditzakeen gailu baten erantzule garela. Hori dela eta, pertsona askok beldurra diote autoei eta ez dute gida-baimenik atera nahi. Erantzukizunezko gidaritza bat egin behar da, araudia errespetatuz eta ustekabeak aurreikusiz.  Batzuetan, gidari ez profesionalek ere, nolabaiteko etengabeko formakuntza beharko luketela aldarrikatu da, baita gabeziak dituzten gidariak muga zorrotzagoak. Aspaldi gure bizitzara puntukako gida-baimena heldu zen, istripuen kopurua nabarmen gutxituz. Hau ez da estatu guztietan betetzen, hego Amerikan, esate baterako. Aldiz, han ez dago alkoholaren aurreko tolerantziarik. Alkohola edan baduzu, ezin duzu gidatu, ez dago beste aukerarik. Europan, alkohol neurri txiki bat onartzen da.

Jendeak gero eta era burutsuagoan gidatzen du, orokorrean. Autoak ere, gero eta sendoagoak dira. Hori bai, nahz eta beste era batetako energiak erabiltzen dituzten autoen ekoizpena ugaritzen joan, ekologikoena herri-garraioa erabiltzea da.

Azken aldian, sortu den beste eztabaida bat zera izan da: beste ibilgailu batzuk, hala nola, patinete elektrikoak, txirringak, … gidatzen dituztenak, baimenak behar dituzte? edo nolabaiteko istripuen aurreko asegurua?

 

Oier Zorrontzatik.