2021(e)ko uztailaren 11(a), igandea

BIZITZAN GIDARI.

 

 

BIZITZAN GIDARI.

 

Mundu honetan garapenak aurrera egiten duen heinean, ibilgailuen erabilera ezinbestekoa bihurtzen ari da. Hirietan gero eta jende gehiago bizi da, hauen neurria handituz. Industri guneak aldiz, herri-guneetatik ateratzen dira, hauek sortzen duten kutsadura bizilagunengan eraginik eduki ez dezaten. Aisialdia, gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, eta aisi guneak  gero eta urrutiago bilatzen ditugula esan behar da. hurbileko aukerak ez dira nahikoak.

Guzti honek ekarri duena, beste arrazoi batzuen artean, jendearen mugikortasunaren areagotzea, eta aldi berean, garraioaren garapena, zentzu guztietan. Estatu ezberdinen aberastasunaren arabera, garraioa garatuagoa egongo da. Herri aberatsetan garraio publikoa ugaria eta anitza izango da, ia bazter guztietara helduko dena, maiztasun handiarekin. Gauza berdina esan daiteke, herri horietako biztanleek edukiko duten ibilgailu pribatuak eskuratzeko aukerarekin. Estatua hain aberatsa ez denean, bai garraio publikoa bai ibilgailu pribatuak eskuratzeko gaitasuna murritzagoa izango da. Azken honetan, bizimodua eta garapena motelagoa bilaka liteke.

Herri edo hiri baten, batez ere hiriburuetan, bertan lan egiten duen pertsona batek , ez du derrigorrez, ibilgailu pribaturik behar; herriak edo hiriak eskaintzen dion garraio publiko sistema nahikoa izaten da, bere beharrizanak asetzeko. Beste kontu bat da, herri txiki, auzo bakartu eta isolatuta dauden etxebizitzako bizilagunena. Toki horietan, ez dituzte zerbitzu guztiak eskuragarri eta ibilgailu pribatuaren erabilera beharrezkoagoa izaten da.

Ibilgailu pribatuaren artean autoa nagusia da; nagusia ezezik erregea da. Etxeko bizilagunen kopuruari hobetoen doitzen dena da. Seguru samarra da, berehalako mugikortasuna eskaintzen du, askatasuna ematen du, horrekin ez diozu inori itxaron behar, zure astiaren jabe bihurtzen zara. Baina autoek badute bere alde txarra; kutsadura izugarria sortzen dute, askorentzat ez dira eskuragarriak oso garestiak direlako, eta etengabeko diru-xahuketa sortzen dute, energia eta mantenua behar dutelako.

Etxe bateko bigarren inbertsio garrantzitsuena izaten da, eta askoren ustez, etxe bateko kideek eduki dezaketen estatus ekonomikoaren adierazle. Halako ibilgailua badaukazu holako ahalmen ekonomikoa daukazu. Hau, noski, ez da arau bat eta ez ohi da betetzen.

Beste ñabardura bat kotxearen (ibilgailu nagusia) erabileraren ohitura da. Puntu honetan, etxe baten barruan egon daitekeen indarren dema nabarmentzen da, hau da, matxismoa. Etxe batetan auto bat bakarrik badago edo familiak batera bidaiatzen badu, nor izaten da gidaria? Egia esan gizonezkoak izaten dira, hein handi batetan, familiako gidariak; eta sarri, euren gogokoak duten ibilgailuak erosten dira. Antzina, aitzaki merkea egoten zen, gizonak izaten zelako etxera “dirua” ekartzen zuena edota, bera izaten zelako, etxean gida-baimena zeukan bakarra. Gaur egun, ohitura horrek ez dauka zentzu handirik, emakumeak etxeko ekonomian ere parte hartzen dutelako, eta beraiek ere, gidatzeko baimena eskuratuta dutelako. Hala ere, aspaldiko ohiturak errepikatu egiten dira.

Gaur egun, gida-baimena lortzea gaztea zarenean ohikoa da, beti ere pertsona edota familiaren ahalmen ekonomikoaren arabera. Ez da beti horrela gertatu. lehen behintzat, beharrizanagatik lortzen zen. Gida-baimena lortzea ez zen erreza, are gutxiago ibilgailu bat eskuragarri izatea. Lehen autoa erosteko arrazoietako bat lanera heltzeko bitartekari bat izatea izaten zen, eta horrek beste erabilpen batzuk ematea ahalbideratzen zuen. Lehen herri-garraioak bere mugak zituen.

Autoa gidatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta ibilgailu batekin gabiltzanean, istripuak sorrarazten duen makina beten jabe garela konturatu behar gara, eta muturreko kasuetan, hildakoak sor ditzakeen gailu baten erantzule garela. Hori dela eta, pertsona askok beldurra diote autoei eta ez dute gida-baimenik atera nahi. Erantzukizunezko gidaritza bat egin behar da, araudia errespetatuz eta ustekabeak aurreikusiz.  Batzuetan, gidari ez profesionalek ere, nolabaiteko etengabeko formakuntza beharko luketela aldarrikatu da, baita gabeziak dituzten gidariak muga zorrotzagoak. Aspaldi gure bizitzara puntukako gida-baimena heldu zen, istripuen kopurua nabarmen gutxituz. Hau ez da estatu guztietan betetzen, hego Amerikan, esate baterako. Aldiz, han ez dago alkoholaren aurreko tolerantziarik. Alkohola edan baduzu, ezin duzu gidatu, ez dago beste aukerarik. Europan, alkohol neurri txiki bat onartzen da.

Jendeak gero eta era burutsuagoan gidatzen du, orokorrean. Autoak ere, gero eta sendoagoak dira. Hori bai, nahz eta beste era batetako energiak erabiltzen dituzten autoen ekoizpena ugaritzen joan, ekologikoena herri-garraioa erabiltzea da.

Azken aldian, sortu den beste eztabaida bat zera izan da: beste ibilgailu batzuk, hala nola, patinete elektrikoak, txirringak, … gidatzen dituztenak, baimenak behar dituzte? edo nolabaiteko istripuen aurreko asegurua?

 

Oier Zorrontzatik.


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina