2021(e)ko otsailaren 27(a), larunbata

91. saioa - LEHENGO ETA ORAINGO ESKOLA




Argi dago lehengo eskolak eta gaur egungo eskolak ez dutela zerikusirik, eta horrela izan behar du, gizartea bera ere aldatzen doalako. Ezin ditugu gaur egungo ume eta gazteak, iraganeko metodologiekin, bihar-etziko gizarterako prestatu. Gainera, eskolaren jarduna sasoia eta ingurunearekin baldintzatuta dago. Ez du zerikusirik duela 50 urteko hezkuntzak, gaur egunekoarekin. Ordu hartako ezagutza eta baliabideak murritzagoak ziren, eta gainera diktadura baten azpian burutzen zen. Orain, aldiz, askatasun gehiago dugu, baliabide gehiago, nahiz eta jakin beharrekoak ere gehiago diren. Sasoi hartan ere, lehentasunak beste batzuk ziren. Lana hezkuntza baino garrantzitsuagoa zen, etxera dirua eroan behar zelako. Familiak ere zabalagoak ziren, eta kasu askotan, seme-alaba guztiek ezin zuten ikasi. Gaur egungo gizarteak ezagutza gehiago eskatzen duenez, ikasketa-urteak luzatu egin dira.

Baina bada kontu bat aldatu ez dena. Hezkuntza modu orokorrean hartzen badugu, pertsona bat gizarte osoak hezten du. Lehenengo hezitzaileak etxekoak dira, gurasoek gehien bat, ume edota gaztearen erreferentzia direnak. Horien lana gehien bat jarrera eta balio onak irakastea izango da. Eskola, bitartean, ikasleak beharko dituen ezagutzak irakasten ahaleginduko da. Ezin da dena eskolaren gain utzi. Gizarteak ere zeresana dauka, batez ere, pertsonaren nortasun eta garapenean.

Metodologietan ere aldaketa handiak egon dira, lehen egia absolutuak ikasten ziren, hala nola, matematika, historia, geografia… klaseak magistralak ziren, ia-ia dogmatikoak. Irakaskuntza edukietan oinarritzen zen. Ikaskuntza bakoitzaren erantzunkizuna zen. Gaur egun, edukiek garrantzi handia badute ere, badira beste ñabardura batzuk. Edukiak erdigunetik atera dira. Gaur egun, eskoletan, eduki horiek proiektuetan lantzen da, ideiak eztabaidatu egiten dira, eta, egitasmoak aurrera egiteko adostasun batzuetara heldu behar dira. Dagoeneko, ikasleak ez du bakarrik “buruz” jakin behar, ulertu eta ezarri behar du.

Pertsonen arteko harremanak ere zeharo aldatu dira Irakasle - ikasleen arteko harremanei begiratzen badiegu, lehen bazegoen hierarki argi bat irakasle – ikasleen artean, agian handiegia (inguruak eraginda, ziurrenez, diktadura baten geundelako), eta harremana askotan, begirunean eta beldurrean oinarritzen zen. Irakasleek bazuten nolabaiteko ”goragoko maila”, sendagilea, abadea, edo poliziaren pare. Zigorrak (askotan fisikoak) ziren diziplinaren ezaugarri esanguratsuena, eta beldurraren kabi. Maisu eta andereñoek esandakoa eta agindutakoa ez zen zalantzan jartzen. Gaur egun, aldiz, Irakasleen hierarkia aldatu egin da, beste langile bat bezala hartzen dira. Gainera, sarritan, euren jokaera eta erabakiak zalantzan jartzen dira, ikasleen garrantzia igo egin delako. Askotan, irakaslea – ikaslea maila berean jartzen dira, edo (inoiz) irakaslea gutxietsi egiten da. Hau ume gutxiago dagoen ondorioa (etxe bakoitzeko ume bat edo bi) izan daiteke, baina, gero eta banan – banakoagoa eta lehiakorragoa den gizarte baten gaudelako ere bai, eta norberarena lehenetsi behar dela uste delako.

Beste kontu bat, berdinen arteko harremanak dira. Ikasleen artean, harreman arruntak ematen dira kasu gehienetan, baina ez beti. Lehiakortasuna oinarri duen gizarte batean, ezberdina den oro, aberastasun-iturritzat hartu beharrean, laidotu eta gutxietsi egiten da, eta hiperkonektatuta gauden gizarte honetan, “bullinga”, eskola barruan ez ezik, kalean eta sarean ere ematen da, batetik bestera, erraz pasa daitekeelarik. Ohikoena, sareak zapalketaren katalizatzaile lanak egitea da. Lehen behintzat, norberaren “zapaltzailearen” joko-zelaia toki komunetara mugatuta egoten zen; gaur egun, mundu guztira zabaltzen da.

Argi dagoena zera da, hezkuntzan ere hitz egin eta eztabaidatzeko leku komunak behar ditugula, eskolak dituzten arazo eta erronkei buruz aritzeko. Baina eskola ez da izango gizarteak dituen arazo guztien konponbidea, beste aktore batzuek ere parte hartu behar dutelako, gizarteak oro har.



Talde txikitan bildu ginen hontaz eta hartaz mintzatzeko, eta lehengo eskolez hitz egiteko, baita txikitan genuen izaerari buruz berba egiteko: batzuek bihurriak, besteak lotsatiak, beste batzuk muskilak zintzilik ibiltzen ginen, tinta beltzez zikintzen zirenak ere garai batean, beste bat ere alferra, eta Ainarari “hizki mutua” deitzen zioten oso lotsatia eta beldurtia zenez, ez zuelako ahorik irekitzen.

Talde txikitan bildu ginen birtualki ZOOM bidez eta Aniceto bere aitonarekin baserrian igarotako garaiak kontatu zituen, Bizkargi pean baserri batean hark esandako esaera zaharrak gogoan: “Behargin txarra sarri kakalari” eta “urrun joan eta nekez etorri”. Horrela, lagun giroan konfiantzan txikitako eta eskola garaiko pasadizoak eta anekdotak kontatu genizkion elkarri, eta behin nola Lazkao Txikik Ainara txikiari esan zion Ahetzen: “zein neskato polita!”.

Horiek eta beste kontu asko atera ziren, lehengo eta gaur egungo garaiak alderatuz, eta oroiminez baina aurrera begira itxaropentsu izan nahian, ez ezkor ez baikor, baina eutsiz geureari, gure izanari, euskaltasunari suharki!

2021/02/06



2021(e)ko otsailaren 5(a), ostirala

89. Saioa

 

Arestian iragarri bezala gaurko saioan gure haurtzaroa izan dugu protagonista. Hamabost bat lagunek txikitako argazkiak ekarri ditugu eta “nor da nor” asmatzen lehiatu izan gara. Dibertigarria eta zaila ere izan da jarduna, eta askotxok, txiripaz edo, bakanen bat asmatzeko besterik ez gara gai izan. Aitzitik, beste batzuek , lehiaketan irabazle gertatu direnek bederatzi asmatu dituzte, Ionkar, Falu eta Ainara bejondeizuela!!.

Jolasa eta gero hitzaspertua egiteko tartea etorri da. Partaide asko bildu gara eta talde txikietan egin izan dugu bigarren parte hau. Nork bere ume garaiko pasadizu, oroitzapen edo zernahi ere elkarri kontatzen eman diogu saioari segida. Horrela pare bat aldiz. Azkenean, argazkien bilakaerari heldu diogu, alegia, lehengo eta oraingo argazkiak konparatuz aspaldiko oroimen zaharra biziberritzeko parada izan dugu. Argazkiak paperean zirela…..…..egun berezietan soilik ateratzen zirela; ezkontzak, jaunartzeak…… ondo ala txarto aterata ere aukeraku ezina…….

2021(e)ko otsailaren 1(a), astelehena

Egun berezi bat



GURE ANI-ren URTEBETETZEA (2021-01-20)

Beatriz P., Beatriz E., Valeria, Maider, Ionkar, Oier, Javier, Ainara, Bego, Andrea, Marije, Sara, eta Luis.

Gaurko saioa berezia izan da. Gaur ez da asteartea, ezta larunbata ere, gaur asteazkena da, eguaztena. Orduan? Ez, ez gara erratu, gaur egun berezia da, gaur Ani gure taldekidearen urtebetetzea da eta ezusteko bat prestatu diogu zoriontzeko. Hamahiru lagun elkartu gara berarekin eta zelan edo halan, abestu diogu “ZORIONAK ZURI”.

Zuhaitz osasuntsu eta eder batek sustrai ederrak eta osasuntsuak dituen bezala, gure taldeak ere aurrera egiteko, sustraiak eta erpe onak behar ditu. Sustrai lodienak zein erpe meheenak dira beharrezkoak. Ez dira ikusten baina hor daude, lan eta lan, elikadura lortzen, zuhaitza haizeak bota ez egiteko, lurrari eusten. Hau da gure ANI, hasierako sustrai lodi hori, talde honen lehenengoetariko sustraia. 


Sustrai nagusi hortatik sortu dira taldekideok eratzen ditugun erpeak, albo-sustraiak. Eta guztion artean eutsiko diogu zuhaitz eder honi, guztiok lagunduko diogu gure zuhaitz honi hasten, loratzen eta fruitu ugari eta ederrak eman ditzan GURE JALGI HADI MUNDURAk.

Hau da, ANI, zure urtebetetzean egiten dizugun oparia:

EKINGO DIOGU! JARRAITUKO DUGU! SORTUKO DIRA ZUHAITZ HONEN ADAXKA BERRIAK!


ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO!


Ainarak berak sortutako bertso hauek eskaini zizkion. Ederrak!!!!


Egilea: Luis Urdaibai