2021(e)ko uztailaren 27(a), asteartea

139. saioa - ITXURAREN ERALDAKETA.

 

ITXURAREN ERALDAKETA.

Aldaketa arinak.

Itxura da bestearen aurrean norberak erakusten duen lehenengo ezaugarria, begietatik sartzen dena, eta zuzenean burmuinera doana. Horrek, gure izaerari lotuta, hau da, ezezagunaren aurrean erne egon beharrarekin batera, askotan aurreiritzi eta aurre-epaiketa batzuk sortzea dakar. Esate baterako, enpresa batek norbait kontratatu nahi duenean, sarri askotan, gehienetan ez esatearren, hautagaien argazkia eskatzen dute, lehenengo baheketa egiteko asmoz. aldiz, bere irudiarekin ziur ez dauden hautagaiak bere irudia ematen saihesten ahalegintzen dira.

Askok norberaren itxura, pertsona horrek duen nortasunaren isla dela diote. Batzuk bestearengandik ezberdintzeko erabiltzen dute, askatasun eta erabakitzeko gaitasunaren seinale, beste batzuk ifrentzuan, talde baten barruan onartuak izateko, talde horren ezaugarrien barruan egoten ahalegintzen dira.

Guzti honi denboraren faktorea gaineratu behar zaio, gure itxura egonkorra ez delako. Gure gorputzak hazten eta zahartzen doazen heinean, eraldatu egiten dira: azalak tximurtzen dira, ilea erorten eta urdintzen da, … halabeharra da. Askotan aldaketok era natural baten hartzen ditugu, bestetan, aldaketon ekiditen edo ostentzen ahalegintzen gara, galduko dugun partida dela jakinda.

Azken hamarkadetan eman den aldaketa generoaren arteko bateratze bat eman dela da, hein txiki batetan bada ere. Gaur egun, ile luzedun gizonezkoak, ile laburdun emakumezkoak, arrakadadun (beste gehigarri batzuen artean) gizonezkoak ikustea, ez da hain bitxia. Gizonezkoek euren itxura gehiago zaintzen dute, azalaren hidrataziotik hasita orrazkeraren zainketaraino. 

Denboran zehar ematen diren aldaketen barruan, ohikoena, batez ere gizonen artean, ilearen galtzearena dago. Y kromosomari lotuta, emakumeek aldaketa hau jasatea ez da ohikoa, oso adinekoa ez bada, edo egoera zailak bizi ez baditu. Talde barruan dauden gizonezkoak ikusita, orokorrean, arazo hau gutxi jasan dutela esan behar da. Gertaera honen aurrean, hainbat irtenbide daude. Lehen egiten zena, berezko erorketa uztea zen. Gaur egun, oraindik gazte samarrak izanagatik galtzea jasaten dutenen artean, askok buru osoa soiltzea erabakitzen dute. Gutxi batzuk (gero eta gehiagok, ustez), iruditik bizi direnak askok, tenislari ezagun bat tartean, ile-txertaketara joten dute.

Guztioi gertatuko zaiguna ilea urdintzearena da. Arinago edo geroago gertatuko den zerbait da. Ohikoena berrogeitakaz urterekin ilea urdintzen hastea da, melanozitoek euren betebeharra galtzen dutelako, baina batzuengan funtzio hori arinago galtzen dute, eta ilearen zuritzea azkarrago ematen da. Klasikoki, emakumeek ilea labur mantendu eta tindatu egiten zuten, gizonezkoak aldiz, bere horretan uzten zuten. Honek generoen arteko aldea iradoki dezake, emakumeek euren gizon/senarrentzako “eder eta gazte” mantendu behar zirela. Azken urteetan, hau aldatzen joan da. Gero eta emakume gehiago ile urdinduarekin ikusten dira, eta gizonezko askok, euren ilea tindatzen dute. Gaztea izanagatik ere ilea tindatzeko aukera dago, kolore anitzekin. Zer egon liteke honen atzean? Ezberdindu nahi izatea, norbere burua aspergarritzat jotea eta aldatu nahi izatea, edota artisten artean, berezkoa dela ezberdintzea, nabarmentzeko, batez ere.

Alemanian badago joera bitxi bat 8-9 urteko neskatoak ilea oso luze uztea. Gizonezkoen artean ere, ile luzedun alerik ikustea, ez da bitxia izaten. Gizonen artean ere, kontrako joera eman da, hau da gorputza ilez bipiltzeko joera. Hasieran, kirolari batzuk egiten zuten, hala nola txirrindulariak, igerilariak, boxeolariak, futbolariak, … baina modan jarri den zerbait dela dirudi.

50-60ko hamarkadetan, hondartzetara eguzkia hartzera joatea ohikoa bihurtu zen, eta beltzaran jarri nahi izaten zen. Eguzkia hartzeak A eta D bitaminaren aktibatzea dakar eta honek osasuntsuago egotea iradokitzen zuen. Kontutan hartu behar da, gizateria, bigarren mundu gerraren ostean zegoela (Espainiako estatuan, guda zibilaren ostean), eta sasoi oso gogorrak pasatu behar izan zituela, batez ere, goseteak zirela eta. Pertsona batzuk beltzarantze hau muturrera eraman nahi izaten dute. Azken hamarkadetan, Eguzki-izpien aurreko esposizioak azaleko minbizia eragin dezakeela jakin da, izpi ultramoreek zeluletako material genetiko eraldatzen dutelako, batik bat. Talde barruan, jendeak ez du bere azala beltzaraztea bilatzen, batzuk berehala gorritzen direlako, besteak azal zuriak gogokoago dituztelako. Azaleko minbizia zela eta pertsona bati aurpegia deformatu zitzaiola aipatu izan da. Aipagarria da, nola aurreko gizaldietan, pertsonak garrantzitsuak ahalik eta estalien joatea bilatzen zutelako, beltzaraztea nekazal guneetako eta kalean lan egiten zuten langileen ikurra zelako.

 

Aldaketa sakonagoak.

Itxuraren aldaketa sakonagotzat piercingak eta tatuaiak egitea hartu dira besteak beste, aldaketa horiek ezabatzea erraza ez direlako. Egia esan ez dira oso kasu arruntak izaten, baina eman … ematen dira. Batzuk piercingak egitea erabakitzen dute, agian asaldatze edo errebeldia ikur bezala, ohikotik harago joateagatik, … 70. hamarkadako punk taldekideek halako ikurrak edukitzen zituzten, eta hauen erabilera zabaldu egin zen. Kontua hurrengoa da. Badirudi piercingnaren kontua ez dela genero islatzatzaile bat, gehien bat gazteen artean ematen den ohitura bat dela, bai gizon bai emakumezkoen artean. Erabiltzaileen artean, bi motatakoak sailka genitzake; piercinga agerian darabiltenak (euren ezaugarriak erakusteko nahiarekin) edota piercinga ostenduta daroatenak (piercing eurentzako egin dutelako, edota bizitza profesionalean eraginik ez izatea nahi dutelako). Taldekideen artean, norbaitek piercingen bat eginda duela aitortu du (bularraldean, kasu honetan). Ezagunen batek, piercingen bat egin zuela aipatu da (zilborrean, kasu honetan).

Tatuaiena beste mundu bat da. Antzina, etnia askotako partaideek euren gorputzak marrazten zituzten. Batzuetan artearen parte, euren artean ezberdintzeko era, besteetan erritualen parte bezala eta inoiz tatuaia eramaten zuen pertsona besteentzat “markatuta” gera zedin burutzen ziren. Gaur egun. funtzio erabat estetikoa burutzen dute. Tatuaiak egiterako orduan bi eratakoak bereiz daitezke; testuak idazten dituztenak eta irudiak. Testuetan ohikoak dira, seme-alaben izenak jartzea, edo maite den norbaitena, baita norberarentzat oso esanguratsuak izan diren esaldiak. Irudien artean, aniztasuna zabalagoa da. Badaude tatuaia txiki bat daramatenak, baita gorputz ia osorik marrazten dituztenak. Piercing kasuan bezala, tatuaiak ibilbide profesionala baldintzatuko duen tokian egitea aholkatzen da, hau da, gehien bat, jantzien azpian gera dadila. Taldean tatua egiteko nahia agertu da, bere ikurra izango litzatekeen irudia maraztuz. Batzuei tatuaiak ondo geratzen zaizkiela aitortu da.

Beste aldaketa sakonagoak egitea, ez da batere ohikoa, baina eman … ematen dira; pertsona bitxitzat eta nabarmentzeko nahiarekin sailkatuko genituzke. Badaude bekokian, azal azpian, puxtarri bezalako batzuk jartzen dituztenak, adarrak irudikatzeko; aurreko haginak zorrozten dituztenak, itxura oldarkorrago bat emateko, …

 

Hobetzeko ebaketak.

Gehienetan, pertsonak euren gorputzarekin nahiko eroso daudela esan behar da. Batzuk pisua murriztuko lukete, baina hori ariketa fisikoarekin lor daitekeela uste da. Egia da, estetikaren mundua ikaragarri garatu dela, batez ere, azalekoagoa den mundu baten bizi garelako, gorputz gazte eta perfektuen ametsa, gero eta nabarmenagoa da. Hori da,  behintzat, filmak erakusten digutena. Pertsonai nagusiak, gehienetan, gazte lerdenak izaten dira, ia akatsbakoak. Lerdentasun horren bila, askok ebaketa estetikoetara eta euren gorputzetan gehigarriak jartera joten dutenak; titien neurria handitzeko eskatzea ez da bitxia, eta gero eta gizarte lodiago batetan, liposukzioak gero eta ohikoagoak dira, besteak beste.

Beste alde batetik, badaude estetikatik harago doazen ebaketak. Ebaketa plastikoak istripu edo eraso baten ondorioz sortutako kalteak, adibidez, konpontzeko erabiltzen diren ebaketak dira. Horrek erabat beharrezkoak ikusten dira, konpontzaileak ezezik, terapeutikoak ere direlako.

Taldekideek ebaketa txikiak egingo lituzketela aipatu da, erabat beharrezkoak ez badira ere; batek, begiak egingo lituzkeela esan zuen, betaurrekoak kentzeko asmoz, baina beldurra daukala, beste batek, betazalak murriztuko lituzkeela eta garau bat kendu, …

 

Azkena.

Jendearen itxuraren aurrean, aurreiritziak izatea normala da, etorkizunean gerta daitekeenaren aurren prestatzen gaituelako; baina, azken finean, aurreiritzi horiek gure erabakiak baldintzatzen dituztenez, guk geuk gure etorkizuna baldintzatzen dugu, gehienetan oinarri handirik gabeko aurre-epaiketekin. Umeek, gizartearen eragin txikiagoa izan dutenek, ez dute itxuraren aurreko aurreiritzirik, eta guztien aurrean antzera jokatzen dute.

 

Oier Zorrontzatik.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina