2020(e)ko urriaren 19(a), astelehena

58. saioa - ANIMALIEN SOLASA

Duela 20.000 bat urte otsoak hezi zirenetik (gure gaur eguneko txakurrak bihurtuz), animalia ezberdinak gure bidaide izan dira. Animaliok hainbat onura dakarzkigute, elikagaia (haragia), inguruarekiko babesa (euren larruarekin sortutako jantziak), zaintza arrotza denaren aurrean, lanerako indarra (batez ere makinak ugaritu aurretik), … eta laguntasuna. Azken betebehar hau maskotek betetzen dute.

 

 Maskoten kopurua emendatzen doa mundu osoan. Datu argigarri bat: Espainiako estatuan, hamabost bat miloi maskota daude; hau da, hamabost urte azpiko pertsona baino gehiago. Honen arrazoietako bat, gero eta etxebizitza gehiago daudela pertsona bakarrarekin, eta bakartasuna horren aurrean, gure erantzuna, sarritan, maskota bat hartzea da. Beste arrazoietako bat populazioa orokorrean, zahartzen dagoela da. Nagusiak gero eta gehiago bizi dira, baina, askotan, bakarrik bizi dira, bere bikotea hil egin delako. Banatu berri diren bikoteen artean ere nolabaiteko erantzuna da. Azken talde baten, seme-alaba bakarra duten familien artean ugariak dira, seme – alabari lagun egin diezaion.

 

 Baina maskota bat edukitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Animaliok beraien beharrizanak dituzte; elikatu behar dira, euren osasuna zaindu, hezi egin behar dira, kontrolatu egin behar dira, …. Maskotok onurak ekartzen dizkiguten arren, gastu ekonomiko, astiarena, lanarena, eta beste abar batzuk ere badakartzate.

 

 Animaliak hartzen ditugunean, gure aurreikuspenak ez dira betetzen, eta inoiz, muturretako egoera baten sartzen gara. Sarri, euren beharrizanak ezin ditugu bete; ez daukagulako baliabide ekonomikorik (elikagai egokia, albaitaria, txertoak, txipa, Alemanian aparteko zerga, …) ez daukagu astirik (errutina batzuk bete behar dituzte; kalera atera, ….), ez daukagu eurentzako toki egokirik, txikiak zirenean politak edo maitagarriak ziren, baina hazterakoan, ez ditugu nahi; hazterakoan, ez ditugunez hezi, ezin ditugu kontrolatu, …. Orduan, jendeak ikuste duen aukerarik errazena animalia bakarrik uztea da. Gogoratu behar da animaliak bakarrik uztea legearen haustea dela, eta kartzela zigorra jesan genezakeela. Hala eta guztiz ere, gure lagunak edozein bazterretan uzten jarraitzen dituzte. Espainiako estatuan, urtero 140.000 txakur eta katu etxetik kanporatuak izaten dira. Aurtengo maiatzaren azkenean, etxean isolatzea amaitu zenean, 20.000 txakur baztertuak izan ziren. Horregatik maskota bat izatea ez da arin baten hartu behar den erabaki bat izan behar ondo hausnartutakoa baino.

 

 Maskotatzat hartzen diren animalia motak ere ezberdinak daude. Esate baterako, lan gutxi ematen dituztenak, kaiolan sartuta egoten direnak; txoriak, hamsterrak,  … eta arrainontzietan egoten diren arrainak. Gero, badaude lan gehiago ematen dituztenak; txakurrak, katuak, txerriak, …. Animaliak hauek hartzerakoan badaude joera bi: jaioberriak nahi dituztenak eta animalia zaharragoak hartzen dituztenak, bigarren aukera bat emateko. Lehenengokoen kasuan, animalien garapen osoa ikusteko aukera izango dute, baina baita, bere heziketagaz arduratzeko lana. Bigarren kasuan, animaliari bigarren aukera bat emango diote, ziurrenez otzanagoa izango da, dagoeneko hezia izan delako. Hala ere ajeren bat izan dezake, nolabait osotu beharrekoa. Gainera, animalia-zaintzaileak ez dute animaliok edonori ematen. Jabe berriak gutxienezko baldintza batzuk bete behar dituzte; animaliarentzako toki egokia, baliabide ekonomikoak, …

 

 Maskotak, askotan, guri lagun egiteko hartzen ditugu, harreman bat sortzen da. Harreman hori, sakondu egin daiteke, harreman estu bat sortuz. Halako erlazio sinbiotiko bat sortzen da, zeinetan, alde guztiak onurak hartzen dituzten. Baina, animaliok, gehienetan, bizitza mugatua dute, eta gehienetan, jabeak baino arinago hil egiten dira. Orduan, izan duten harremanaren arabera, gizakiak halako dolu bat jasan/igaro behar du, laburra edo luzea izan daitekeena, kasu batzuetan urte betera arte izan daitekeena. Badago jendea animaliei kalako hileta liturgia bat ematen dietena, eta gizakiak bezala lurperatu egiten dituztenak.

 

 Azken hausnarketa bezala, maskota bat edukitzeak onura asko ekar ditzake, oso lotua da, baina, batez ere, erantzukizun guztiarekin egin behar da.





 Oier Zorrontza.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina