2020(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

59. SAIOA: BIBLIOMANTZIA EGIN DUGU

 Iragan ekainaren 30ean San Martzial egunez ZOOM bidez LEHENENGO IDAZKETA-TAILERRA: ORRI ZURIAREN AURREAN eraman nuen, eta bi orduz idazketaz eta bestez hizketan aritu ondoren, etxean idatzi NAHI bazuten, etxeko lanak bidali nituen, borondatez nahi zuenak nahi zuenean egiteko: 

ETXEKO LANA: BIBLIOMANTZIA. 

HARTU HURBILEN DUZUN LEHEN EUSKAL LIBURUA ETA IRAKURRI 30. ORRIALDEKO LEHEN LERROA. NOLA JARRAITUKO ZENUKE PUNTUTIK AURRERA? ZEIN ETORKIZUN EDO INSPIRAZIO IKUSTEN DUZU LIBURUAREN LERRO HORRETAN? 

Horren emaitzak hona bidali, nahi baduzue: xorinokantharia@ni.eus 


Eta hala, iragan larunbatean, hilak 17, BIGARREN IDAZKETA TAILERRA egin genuen zoom bidez (https://us04web.zoom.us/j/196268362). 

Ekainean bidalitako etxeko lanaren erronkari batzuk heldu ziotenez, euren istorioak irakurri zituzten eta denon iruzkindu. Hona hemen hiru harribitxi horiek: 



OTTO PETTE liburuko  30. orrikoa lehen esalditik abiatuta.

Atezuan egon nintzen. Baina zirt edo zart egin behar nuen, ez zegoen erdiko biderik. Ataka ederra neurea. Alde batetik, lantokiko baldintzak hobeak izatea nahi nuen, kideen babesa izango nukeen bai, baina horrek, gerora, zuzendaritzaren aurrean, markaturik utziko nindukeen; beste aldetik, isil eta uzkur geratuz gero, nagusiek agintzen zutena txintxo betez, lantegiko arduradunei nire “leialtasuna” erakutsiko niekeen, lagunen artean “saldu” bat bezala agertuz.

Ez zegoen beste bide bat hartzerik, krisi garaia zen, eta ez zegoen lanik ia inon. Bikotekidea lan barik zegoen, etxekoak aurrera atera behar genituen eta ordainagiriak etengabe zetozen. Senitartekoei laguntza eskatu genien, baina …. ezintasuna eta etsipena nagusi ziren.

Greba egiteko erabakiaren bozketa bazetorren … oihuak gero eta ozenagoak ziren. Halako baten, isiltasuna … eta gero, jendea paper puska batekin, lerro bat egiten. Nire erabakia idaztera noa …

(Oier Saratsua)



 „Gizajo baten egunkaria“, Jeff Kinney

30. orrialdea: Rodrick-en taldea NEGARGARRIA da, benetan!

Nik ez dakit zer uste duten nire neba memelo ziztrin hauek! Egun osoa haien gitarra elektriko eta bateriarekin… munduko talderik onenetako bat bailira bezala, larruzko beroki eta eguzkitako betaurreko beltz tamalgarri horiekin. Gurasoen etxeko garajea den kobazulo ilunean!!

Ez ote dute ikusten, haien harropuzkeri horren atzean, musika zer den ere ez dakitela? Musika, benetako musika. Eta ez haiek egiten duten zarata jasanezina.  

 Baina ez, ez dira konturatzen...

Nire solfeoko ordu guzti horiek, hainbeste partitura aukeratu, aztertu eta ikasi, musikaren artearen esentzia egunero landu, maitatu eta zaintzearen ordez, lau akorde eta bost garrasi bota eta munduko eszenatokiak betetzeko prest daudela sinisten dute koitaduek!

Hobe dut, bai, nire lagunengana joatea, eta arratsaldea taxuzko era batean pasatzea!

(Maider Olarra)



TXIKIAK HAUNDI, Martzel Andrinua

30. lerroa: "Zer ba? Ingurukoak lez, zeu ere hoztu? Ingurukoen parera jausi?"

 - Badakizu zer den honaino heltzea? Diru eta izerdi pilo bat utzi dogu bidean eta ez nago prest gure behar guztiak alferrikoak izan direla erakusteko. Jauntxo madarikatu horrek dirua deko baina Elezkanotarron ohorea santar horren gainetik dago. Gure badozu zoaz eurengana txakurre lez buztana hanka artean sartuta. Bakarrik geratzen banaz be aurre egingo deutsat nire sainetan odol tangada bat dagoen artean. Eta orain, kendu zaitez nire begien aurretik!

- Mesedez aitte! Ez zaitez Joan bakarrik, horrentzat zure bizitzak ez deu balio txakur txiki bat baino gehiago! Mesedez aitte!

- Nire aurretik kentzeko esan deutsut!

- Ez zaitut itziko bakarrik joaten, zu bazoaz ni be joango naz zugaz!

(Luis Betanzos Lejarraga)


eta bukatzeko, zuena idatzi hemen iruzkin gisa edo emailera bidali zuen etorkizun-aurreikuspena eskuartean duzuen liburuko 30. orrialdeko lehen esalditik abiatuta: LARUNBATERAKO! 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina