ZER EGINGO DUGU? 2018 bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ekimenaren baitan.
HERRITARRAK: AHOBIZI ETA BELARRIPREST
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.
Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.
ENTITATEETAN: ARIGUNEAK
Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu.
Bi motatakoak izan daitezke:
Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…), bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest badago.
Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.
https://euskaraldia.eus/
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina