belarriprest etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
belarriprest etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko azaroaren 30(a), astelehena

70. saioa: ARIGUNEAN EUSKARAZ GOZATZEN!

Gaur Jalgi Hadi Mundura taldea 70.saiora iritsi da eta 13 lagun egon gara sortutako ARIGUNEAN euskaraz gozatzen!! Lagun berriak iritsi zaizkigu Alacantetik, irakasle bat eta hiru ikasle, oso jatorrak denak. Beti bezala giro atsegin eta lagunkoian aritu gara, Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa, Europa eta Hego Amerika elkarrekin; hau da, Euskal Herria eta Diaspora Euskaraldian euskaraz!

Hamahiru lagun izanez, talde txikiak egitea erabaki dugu, denok berba egiteko aukera izateko. Lau talde osatuta gai anitzak izan ditugu, esate baterako: casteilers, mendiak, txangoak, euskararekiko harremana, besteak beste.

Bi orduko saioan, lau aldiz aldatu gara taldez, eta lagun ezberdinekin egoteko aukera izan dugu. Ahobizi eta belarriprest ibili gara, euskara maite dugulako eta euskaraz bizi nahi dugulako. Oso esperientzia polita izan da gaur bizi izan duguna ere!




Eskerrik asko guztioi eta ongi etorriak lagun berriak!!

2020(e)ko azaroaren 22(a), igandea

68. Saioa: Euskaraldia 2

EUSKARALDIA: bizipenak eta gogoetak


14 pertsonak hartu dugu parte saio honetan

JHM taldekideon topaketa honen bezperan hasi da 2020ko Euskaraldia, eta honen inguruan izandako bizipenak eta gogoetak azalduko ditugu hemen, txapak paparrean izanik.

Euskal Herriko herri eta hiri askotan hainbat ospakizun burutuko  dira egun hauetan, eta horietako batzuk aipatu ditugu. Bestalde gutako bakoitzak ze rol, ahobizi edo belarriprest, izango duen komentatu dugu, horretarako bakoitzak izan ditzakeen arrazoiak emanez.  Egia esan taldekide gehienok ahalegintzen gara euskaraz egiten aukera dugun guztietan. Baina argi gelditu da  diasporan bizi direnek askoz aukera gutxiago dituztela horretarako, eta sarritan euskara norekin egin bilatzen ari direla: bide lagunekin, inguruko euskaldunen batekin, sare sozialen bidez …

Taldekide bik kontatu dituzten esperientziak interesgarriak dira oso. Diasporan  bizi den batek kontatu du han gure hizkuntza ezezaguna denez, euskaraz agurrak eta hitz batzuk irakasten ahalegintzen dela jende ezagunei, horretarako hiztegitxo bat ere osatu eta eskaintzen dielarik. Ahalegin hau benetan ere txalogarria da eta lurralde horretan euskararen mezulari lana egiten ari da euskaltzale hau.

Beste taldekide batek kontatu digu psikologo  batengana joan beharra izan zuela eta hasieran gazteleraz egin zutela, baina konturatu zenean euskaraz ulertzen zuela zera esan ziola: nik euskaraz hobeto azaltzen ditut nire kontuak eta sentimenduak, eta horrela egin nahi dut; zuk egin dezakezu gazteleraz. Ba, hori ele-biko elkarrizketa izango litzateke, batek euskaraz eta besteak erdaraz.  Ba gaur egun biek egiten omen dute euskaraz. Taldekide honek lortu duena ere txalogarria benetan.

Ondoren galdera hauen inguruan taldexkaka aritu gara:

- Zer abantaila du Euskaraldiak eta txapak bistan eramateak?

- Nolako  garrantzia du BELARRIPREST izateak?

Gure taldexkan 4 partaide izan gara eta hauek izan dira gure ekarpenak:

Batek esan du bere ustez Euskal Herritik kanpo ez daukala garrantzi handirik Euskaraldiak, baina Euskal Herrian ilusioa eragiten duela ekimen honek, eta garrantzitsua dela. 

Beste batek esan du, txapak eramateari dagokionez, baliagarria dela abiapuntu bezala, jakiteko ze hizkuntza erabili.

Betalde gure kasuan BELARRIPREST eramateak garrantzi handia duela aipatu dugu, txapa hau daramanak askatasuna duelako euskaraz nahiz erdaraz egiteko, eta AHOBIZI txapa daramanari euskaraz egiten jarraitzeko eta erdarara  ez pasatzeko indarra ematen diolako, badakielako besteak ulertzen duela euskaraz eta hizkuntza horretan entzutea nahi duela.




2020(e)ko urriaren 12(a), astelehena

EUSKARALDIA 2020



ZER EGINGO DUGU? 2018 bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ekimenaren baitan. 
Bigarren edizioan urrats berriak emango ditugu, eta norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. 

 ZERGATIK ENTITATEAK? Lehen edizioan norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan. Eremu antolatu eta finkoak diren heinean, bertako kide guztiei zuzenean eragiten diete hizkuntzaren esparruan bertan hartutako erabakiek, baita ingurukoei ere, zeharka. 
Gainera, entitateei eremu horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie eta, epe luzerako helburuez ari garenez, ariketa amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita egingo zaie. 

NOLA EGINGO DUGU? 2020an Euskaraldiak, iaz egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. 
Baina horretaz gain, entitateek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ARIGUNEAK. Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.

HERRITARRAK: AHOBIZI ETA BELARRIPREST

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.



Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.


ENTITATEETAN: ARIGUNEAK

Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu.



Bi motatakoak izan daitezke:

Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…), bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest badago.

Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.


https://euskaraldia.eus/