EUSKARALDIA: bizipenak eta gogoetak
14 pertsonak
hartu dugu parte saio honetan
JHM taldekideon
topaketa honen bezperan hasi da 2020ko Euskaraldia, eta honen inguruan izandako bizipenak eta gogoetak azalduko ditugu hemen, txapak paparrean izanik.
Euskal Herriko herri eta hiri askotan hainbat ospakizun burutuko dira egun hauetan, eta horietako batzuk aipatu ditugu. Bestalde gutako bakoitzak ze rol, ahobizi edo belarriprest, izango duen komentatu dugu, horretarako bakoitzak izan ditzakeen arrazoiak emanez. Egia esan taldekide gehienok ahalegintzen
gara euskaraz egiten aukera dugun guztietan. Baina argi gelditu da diasporan bizi direnek askoz aukera gutxiago dituztela horretarako, eta sarritan euskara norekin egin bilatzen ari direla:
bide lagunekin, inguruko euskaldunen batekin, sare sozialen bidez …
Taldekide bik
kontatu dituzten esperientziak interesgarriak dira oso. Diasporan bizi den batek kontatu du han gure hizkuntza
ezezaguna denez, euskaraz agurrak eta hitz batzuk irakasten ahalegintzen dela jende ezagunei,
horretarako hiztegitxo bat ere osatu eta eskaintzen dielarik. Ahalegin hau benetan ere
txalogarria da eta lurralde horretan euskararen mezulari lana egiten ari da euskaltzale hau.
Beste taldekide batek
kontatu digu psikologo batengana joan
beharra izan zuela eta hasieran gazteleraz egin zutela, baina konturatu zenean
euskaraz ulertzen zuela zera esan ziola: nik euskaraz hobeto azaltzen ditut
nire kontuak eta sentimenduak, eta horrela egin nahi dut; zuk egin dezakezu
gazteleraz. Ba, hori ele-biko elkarrizketa izango litzateke, batek euskaraz eta
besteak erdaraz. Ba gaur egun biek
egiten omen dute euskaraz. Taldekide honek lortu duena ere txalogarria benetan.
Ondoren galdera hauen inguruan taldexkaka
aritu gara:
- Zer abantaila du Euskaraldiak eta txapak
bistan eramateak?
- Nolako garrantzia du BELARRIPREST izateak?
Gure taldexkan 4 partaide izan gara eta hauek
izan dira gure ekarpenak:
Batek esan du bere ustez Euskal Herritik kanpo ez daukala garrantzi handirik Euskaraldiak, baina Euskal Herrian ilusioa eragiten duela ekimen honek, eta garrantzitsua dela.
Beste batek esan du, txapak eramateari dagokionez, baliagarria dela abiapuntu bezala, jakiteko ze
hizkuntza erabili.
Betalde gure kasuan BELARRIPREST eramateak
garrantzi handia duela aipatu dugu, txapa hau daramanak askatasuna duelako
euskaraz nahiz erdaraz egiteko, eta AHOBIZI txapa daramanari euskaraz egiten
jarraitzeko eta erdarara ez pasatzeko
indarra ematen diolako, badakielako besteak ulertzen duela euskaraz eta hizkuntza horretan entzutea nahi duela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina