2020(e)ko azaroaren 2(a), astelehena

62. saioa

 

62. saio honetan 12 bat pertsonak hartu dugu parte.

Hasteko proposamen bat bota du Andonik, gure elkarrizketarako hizpidea izan daitekeena. Norbere herri edo inguruari buruzko bideotxo bat grabatu eta komentatzea, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Anik ere bota zuen bere proposamena, teknologia berriak, eta bereziki sare sozialak, gauden egoeran hainbeste erabitzen gabiltzanak, hain zuzen ere. Ideia hori ere egokitzat jo dugu.

Oierrek txokokoen batzarra duela aipatu duenean, Euskal Herrian hain ugari ditugun txokoei buruz berba egiteari ekin diogu. Esaterako 1000 biztanle inguru dituen Muxikak 6 txoko ditu, auzo bakoitzean bat. Aipatu dugu baita ere txoko hauetako askotan gizonezkoak bakarrik izan daitezkela bazkide, nahiz-eta azken aldian emakumezkoak ere onartuak diren; kasu honetan ere generoen arteko berdintasunak  aurrera egiten duen seinale.

Txokoen kontua dela-eta Muxika-Ariatzako txokoan egiten den txerri hitzea aipatu du Luisek eta horren inguruan egiten diren auzo afariak.  Eta horrek eroan gaitu euskal baserri askotan egiten ziren txerri hiltze zeremoniaren inguruan hitz egitera: hamaiketako gibel jana, odolosteak edo buskantzak auzoen artean banatzeko ohitura eta abar. Hau dela eta, aipatu dugu baita ere Pernando Amezketarraren pasadizoa, Ainarak hain trebeki interneten bilatu duena.   

https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MujikaPernando020.htm

 

Halloween ospatzeko ohiturari buruz

Denborak aurrera egin ahala, Andreak Halloween eguna dela aipatu du eta horrek ere zer esan ugari eman digu.

Halloween, Gau Beltza edo Santu Guztien bezpera, urtero urriaren 31n munduko leku askotan ospatzen da. Halloween hitzak jatorri ingelesa du eta All Hallows Evening - "Santu Guztien arratsaldea" esan nahi du. Eta kristau egutegiaren Santu Guztien Egunaren besperan ospatzen da.

Jai honen jatorriari buruz iritzi ezberdinak daude; ikerlariek zeltak, paganismoa, Samhain (udaren amaiera) eta kristautasuna aipatzen dituzte hainbat ikerketetan.

Euskal Herriari dagokionez, Santu Guztien Egunaren ospakizuna egiten zen XX. mendera arte. Kuiak edo kalabazak, patatak, erremolatxak zein arbiak husten ziren eta kandelak jartzen ziren barruan. Elementu hauek baserriz baserri erabiliz eta mozorrotuz eskean ibiltzen ziren neska mutilak. Horrela gaztaina erreak, intxaurrak, frutak eta abar eskuratzen zituztelarik. 

Ameriketako Estatu Batuetan Halloween ospatzeko ohitura hau errotuta dagoen lekua da. Mozorrotzea, goxoki bila ibiltzea, beldurrezko ipuinak kontatzea eta beldurrezko pelikulak ikustea dira egun horretako ohiturak.

Teknologia berrien eskutik Hego Amerikara ere azkar iritsi zen atzerritar ohitura hau, eta kontsumismoarekin batera umeak izaten dira jai honetako bezero berriak. Kasu honetan kuiak ez dira husten, plastikozkoak baitira eta goxokiez betetzen dituzte umeek. Supermerkatuek eta denda gehienek ohituratzat hartu dute Halloween, gehiago saltzeko asmoz. Egun horretan mozorroak erabiltzen dituzte umeak eta etxez etxe ibiltzen dira goxokien bila. "Saria ala ziria" (ingelesez trick or treat) esaten dute etxez etxe edo dendaz denda joaten direnean. 

Alemanian ere Halloween ospatzeko ohitura badago. Kalabaza asko landatzen da eta kalabaza txikiak jartzen dira leku askotan. Maiderren esanetan, goxoki bila ibiltzen da ume asko, mozorrotuta. Ez da bertako ohitura, baina gero eta gehiago egiten da. 

Euskal Herrian nola ospatzen zen entzun daiteke bideo honetan


Joseba Aurkenerenaren ustez, "Gau beltza aspaldi ospatzen zen Euskal Herrian, Haloween ospakizun erabat yankee-a da". 

Hona hemen audioa:

https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20201030/joseba-aurkenerena-gau-beltza-aspaldi-ospatzen-zen-euskal-herrian-haloween-ospakizun-erabat-yankee-a-da


Mozorrotzea gustatzen zaigu? 

Euskal Herrian mozorrotzeko ohitura handia dago jai ezberdinetan. Koadrilak askotan mozorrotzen dira eta ondo pasatzeko arrazoi nagusia izaten da. Tolosako ihauteriak oso ezagunak dira eta lagun asko joaten da bertara urtero mozorroa jantzita.

Eskoletan ere, irakasleok, gustatu ala ez gustatu, umeekin mozorrotu ohi gara sarritan. Mota askotako mozorroak daude: dendetan erositakoak, etxean egindakoak, lankideekin sortutakoak... Ondo pasatzeko  eta elkarrekin ospatzeko laguntzen dizkigute mozorroek. Ume garaira eramaten gaituzte eta pertsona edota pertsonaia bat izatea dibertigarria izaten da gehienetan. Sinesten ez baduzue, ikusi itzazue gure lagunen mozorroak. Bai bitxiak direla!!










Erreferentziak

Klasikoen gordailua.Mujika, G. (1925). Pernando Amezketarra. Ateraldi ta gertaerak. 17.Erretorearen txerria. https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MujikaPernando020.htm

Wikipedia. Entziklopedia askea. "Halloween". https://eu.wikipedia.org/wiki/Halloween

Ahotsak Ahozko Ondarea. (2017,4,28). "Halloween, euskal festa?" (Bideo artxiboa). Berreskuratuta https://www.youtube.com/watch?v=roREu6fLz9M&feature=youtu.be 

Naiz irratia. Joseba Aurkenerena. (2020,10,30). «Gau beltza aspaldi ospatzen zen Euskal Herrian, Haloween ospakizun erabat yankee-a da».(Audio artxiboa). Berreskuratuta https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20201030/joseba-aurkenerena-gau-beltza-aspaldi-ospatzen-zen-euskal-herrian-haloween-ospakizun-erabat-yankee-a-da 


Ani eta Andrea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina