Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago kokaturik UNDABASO parajea, Ibarruriko Unda auzonean, Muxika udalerrian, Bizkaian. Ibarrurik, Gorozika eta Ugarterekin Muxika herria sortzeko bat egin aurretik, bere udala zeukan.
UNDABASO egitasmoa LURGAIA FUNDAZIOA eta Undabaso baserriko jabeen eskutik sortu zen 2008an. Pinuaren eta eukaliptoaren landaketa horrenbeste zabalduta dagoen eremuan, jabe hauek erabaki zuten bertoko zuhaitzez inguratuta nahi zutela bizi. Hau dela eta, LURGAIA FUNDAZIOarekin sinatu zuten lehen zaintza-akordioa 2008an. Hektarea gutxi batzuk zaintzen hastetik 130 hektarea baino gehiago kudeatzera heldu dira dagoeneko eta baso hau gero eta handiagoa egitea da helburua.
Basoa esaten denean ez da pentsatu behar zuhaitzetaz hitz egiten dela bakarrik, ez. Basoa esaten denean bertoko zuhaitz eta zuhaixkaz gain, horrek sortzen duen biodibertsitateaz ere berba egiten da. Basoak esan nahi du gerizpea, berotasuna, babesa, janaria…Baina baso baten dagoen uraren kudeaketa eta zuhaitz mota baten landaketa ez dira berdinak. Eukalipto landaketek lurra lehortzen dutela argi eta garbi oinarritu da ikerketetan eta bertan aurkituko dugun biodibertsitatea oso urria da.
“BASOA” da ondoko argazkian gertatu dena gertatu ez dadin kudeatzea gure lurrak. Gaur egun, pinua jasatzen ari den izurritea dela eta, pinudiak eperditik botatzen ari gara jo eta ke eta arlo handiak ikusten dira biluzik gure mendietan. Ondorio batzuk ditu honek eta euretariko bat da haizeak jotzen duenean ez daukala “ostoporik” eta hartzen duen abiadura itzela izan daiteke. Ziurrenez ikusiko ditugu honelako triskantza gehiago epe laburrean. Espezie bakarreko landaketak eta basoak ez daukate zerikusirik.
Undabaso ondoan ateratako argazkia orain dela aste bi inguru
Zer da LURGAIA FUNDAZIOA?
2002-tik bertoko basoen berreskuratzean, kontserbazioan, Natura zabalkuntzan eta Natura-Ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu: Espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia.
Gaur egun 450 hektarea baino gehiago kudeatzen ditu “kustodia” akordioaren bidez (dohaintza edota erabiltzeko utzita) Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. 150000 zuhaitz eta zuhaizka baino gehiago landatu dituzte, 35 espezietakoak, gehien bat bolondresen laguntzaz.
2020ko urriaren 24an eta 25ean ia 500 zuhaitz landatu genituen. Baina horrez gain, anfibioentzat potxingoak ere egokitu genituen. Pinudiak ateratzeko egiten diren bideak, goitik behera direnean eta euria egiten duenean, berehala eta biadura handian heltzen da ura ibaira, errekara edo errekastora. Eta abiadura horrekin lurraren onura ere badarama erosioaren ondorioz. Zeharkan egindako bideak erabili genituen potxingoak egokitzeko anfibioentzat, narraztientzat, intsektoentzat,… Kate biribil bat sortzen da basoan. Ura bizitza da eta beheko argazkian ikusten diren Baso-igel gorriaren arrautzetatik gehienak ez dira iritsiko igel helduak izatera. Baina bidean izango dira hegaztiren baten elikagai. Hegazti hoietarikoren bat azeri edo beste mamiferoren baten elikagai izan daiteke. Gertatzen dena da aipatutako kate horren begikateren bat apurtzen badugu kate horrek nonbait ez daukala jarraipenik.
Anfibioentzat potxingo egokia sortzen pinuak ateratzeko erabilitako bidean
Eta hona hemen berehala emaitzak: Baso-igel gorriaren arrautzak
Egun bikaina izan zen, pozik egindakoaz. Jatorri ezberdineko pertsonak, hurbilekoak zein urrunekoak, baina helburu berdinarekin. Basatzan zein sasi artean pozik!
Amaitzeko, “ORTUTIK ORTURA”ren eskutik otordu bikaina izan genuen. Baina aurretik hitzaldi labur bezainbesteko interesgarria eman ziguten. Kilometro zero eta biribilean oinarritutako lan taldeak nola egiten duen lan hurbileko ekoizleekin jakinerazi ziguten
Hiribide edo etorbide agertzen da hiztegian "rambla" hitza bilatzen dugunean. Argentinan eta Uruguain rambla hitzak zera esan nahi du: "Itsas, ibai edo laku baten ondotik doan bidea". Katalunian eta Espainko beste lekuetan, berriz, "kale zabala, zuhaitzekin, normalean hirigune erdiko kale nagusietariko bat".
Hiri bakoitzak leku esanguratsuak baditu eta ranbla da Montevideoko lekurik esanguratsuenetako bat. 30 kilometro ditu pasealeku honek eta munduko ranblarik luzeena da. Gune eta bazter asko sortzen dira ranblatik ibiltzean, monumentuak, artelanak, gune berdeak, hondartzak, klubak, jatetxeak, besteak beste. Jarraian ranblaren gune berezi batzuk ikusiko ditugu, Alde Zaharretik ekialderantz.
Sarandi harri-lubeta
Arrantzaleen lekurik kuttunena da. Handik itsasontziak ikus daitezke portura sartzen direnean; gainera, badia eta Montevideoko Cerro-ren bista ederra dago.
Sarandi harri-lubeta kalearen luzapena da, kale hau Ciudadela-ren atean hasten da eta itsasorantz zabaltzen da.
Harri-lubetatik hurbil dagoen auzoari Guruyú deitzen diote. Alde horretan, garai kolonialeko esklabu afrikarren lehenengo ospakizunak izan ziren. Gaur egun oso ohikoa da danborrak entzutea. Izkin batean Buenos Aires eta Maciel kaleak gurutzatzen diren lekuan, tabernarik zaharrenak bizirauten du, El Hacha izenekoa, XVIII mendekoa.
Hego ranbla
XX. mendeko lehenengo hamarkadetan Montevideoko kostaldeko ranbla egiteko obrak hasi ziren. Guztira hogei bat kilometro dira. Sarandi harri-lubetatik Carrasco errekaraino.
Udaletxeak izan zuen ranbla egiteko ardura eta helburuak hauek izan ziren: hiriaren itsasoaren muga finkatzea eta hirigunetik urrun zeuden auzoetara(Pocitos, Malvín eta Carrasco) joateko modu errazago bat sortzea, gainera autoen kopurua geroz eta handiagoa baitzen errepide berriak ere behar izaten ziren. Garai hartako batllista proiektuak estatu moderno bat sortu nahi izan zuen, hiria edertu, turismoa sustatu eta biztanleei gune publiko eta irekia ematea, langileei batez ere, aisialdiaz gozatzeko.
Hego ranblaren eraikuntza Uruguaiko historiaren une berezi batean ailegatu zen, aldi berean eraikin oso garrantzitsuak egiten ari baitziren: Casino Carrasco Hotela (1921), Salvo Jauregia (1922), Legislativo Jauregia (1925), Clínicas Ospitalea (1929), Municipal Jauregia (1930) edo Centenario Futbol zelaia (1930). Dena une berean egin zen eta esku-dirutan ordainduta.
1912. urtean "Plano Regulador de la Ciudad de Montevideo" delakoaren bidez, Hego ranbla eraikitzeko proposamena onartu zen. Baina proiektua hamar urte beranduago heldu zen Juan P. Fabini (1876-1962) ingeniariaren eskutik. Bere proiektuak Sarandí kalearen kai muturretik Urbano parkeraino (gaur egungo Rodó Parkea,), Ciudad Vieja, Barrio Sur eta Palermo auzoak inguratzen ditu. Bajo, auzo pobrea eta burdela, erradikatu nahi izan zituen eta auzoak hobeto komunikatzeko kaleak ere proposatu zituen.
Proiektua onartuta, 1923. urtean hasi ziren obrak baina ekaitz bortitz batek lanak hondatu ostean 1925ean hasi ziren berriro eta behin betiko proiektua onartu zen.
Zenbakiak faraonikoak izan ziren.
Hego ranblaren neurriak hauek izan ziren:
4.ooo metro luzera
50 metro zabalera
Eraikuntza-lanak
70 mila metro kubiko hormigoi
24 mila dragatze-lan
Betetzeko materiala 800 mila metro karratu hare
500 mila lur
180 mila zoladura
Ranblako kaleen azalera - Centenario Futbol zelaiaren azalera (105 x 68 metro) sei aldiz.
Bi milloi eta 400 mila jornala behar ziren.
929 lursail desjabetu ziren.
Obrak 14.500.000 peso balio izan zuen.
Kaleak egiteko bertako granito gorri harria erabili zuten, lau terraza-begiratoki ditu, Rio de la Platan zabaltzen direnak
Hego ranbla 1935eko abenduaren 30ean inauguratu zen ofizialki, baina behin betiko plana 1947an osatu zen.
Beste antzinako proiektu handiak bezala, ez zuten bukatu. Barandarik ez zioten jarri eta hura ezartzeko ziren zuloak ikusten dira granitozko harrietan. Iparraldeko lorategiak ere ez zituzten bukatu.
Punta Carretas-eko itsasargia
Punta Brava bezala ezaguna den gunea eta Golf klubaren aurrean itsasargi hau dago kokatua. Goiko alderaino igo daiteke eta ikuspegi paregabea begiztatzea posible da. Hortik hurbil arrnatzaleen etxeak daude, bertan itsasoko produktu freskoak saltzen dira.
Puertito del Buceo
Kirol-nautikoak egiten dira leku honetan. Yacht kluba arraun jarduera eta paseatzeko txango askoren abiapuntu da. Montevideoko Skate parkea dago, jatetxeak eta arraina saltzeko dendak ere. Paisaia ederrengatik arkitekto famatu askok luxu handiko dorreak eraiki zituzten.
Virgilio plaza
De los Ingleses hondartzaren ondoan Punta Gorda auzoaren sakanak daude. Etxe ederrak ikus daitezke inguruan. Armadaren plazatik Montevideoko kostaldeko bista ederra dago. Carlos Gardel, abeslari uruguaitarraren etxe bat han dago. Adindu ahala, bertan bizitzekoa zen abeslaria, baina bere heriotz goiztiarra dela eta, ezin bete izan zuen gogo hori.
Montevideoko ranblatik paseo bat emateko:
Recorriendo la Rambla de Montevideo. Chochi. (2019,11,02). Berreskuratuta https://www.youtube.com/watch?v=nEcphsIbKzI&feature=emb_rel_end
Video aéreo de las ramblas del sur-oeste de Montevideo, Uruguay desde lo alto. Stonek, D. (2015,09,20). Berreskuratuta https://www.youtube.com/watch?v=hNMGy18BkvQ
62. saio honetan 12 bat pertsonak hartu dugu parte.
Hasteko proposamen bat bota du Andonik, gure elkarrizketarako hizpidea izan daitekeena. Norbere herri edo inguruari buruzko bideotxo bat grabatu eta komentatzea, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Anik ere bota zuen bere proposamena, teknologia berriak, eta bereziki sare sozialak, gauden egoeran hainbeste erabitzen gabiltzanak, hain zuzen ere. Ideia hori ere egokitzat jo dugu.
Oierrek txokokoen batzarra duela aipatu duenean, Euskal Herrian hain ugari ditugun txokoei buruz berba egiteari ekin diogu. Esaterako 1000 biztanle inguru dituen Muxikak 6 txoko ditu, auzo bakoitzean bat. Aipatu dugu baita ere txoko hauetako askotan gizonezkoak bakarrik izan daitezkela bazkide, nahiz-eta azken aldian emakumezkoak ere onartuak diren; kasu honetan ere generoen arteko berdintasunak aurrera egiten duen seinale.
Txokoen kontua dela-eta Muxika-Ariatzako txokoan egiten den txerri hitzea aipatu du Luisek eta horren inguruan egiten diren auzo afariak. Eta horrek eroan gaitu euskal baserri askotan egiten ziren txerri hiltze zeremoniaren inguruan hitz egitera: hamaiketako gibel jana, odolosteak edo buskantzak auzoen artean banatzeko ohitura eta abar. Hau dela eta, aipatu dugu baita ere Pernando Amezketarraren pasadizoa, Ainarak hain trebeki interneten bilatu duena.
Denborak aurrera egin ahala, Andreak Halloween eguna dela aipatu du eta horrek ere zer esan ugari eman digu.
Halloween, Gau Beltza edo Santu Guztien bezpera, urtero urriaren 31n munduko leku askotan ospatzen da. Halloween hitzak jatorri ingelesa du eta All Hallows Evening - "Santu Guztien arratsaldea" esan nahi du. Eta kristau egutegiaren Santu Guztien Egunaren besperan ospatzen da.
Jai honen jatorriari buruz iritzi ezberdinak daude; ikerlariek zeltak, paganismoa, Samhain (udaren amaiera) eta kristautasuna aipatzen dituzte hainbat ikerketetan.
Euskal Herriari dagokionez, Santu Guztien Egunaren ospakizuna egiten zen XX. mendera arte. Kuiak edo kalabazak, patatak, erremolatxak zein arbiak husten ziren eta kandelak jartzen ziren barruan. Elementu hauek baserriz baserri erabiliz eta mozorrotuz eskean ibiltzen ziren neska mutilak. Horrela gaztaina erreak, intxaurrak, frutak eta abar eskuratzen zituztelarik.
Ameriketako Estatu Batuetan Halloween ospatzeko ohitura hau errotuta dagoen lekua da. Mozorrotzea, goxoki bila ibiltzea, beldurrezko ipuinak kontatzea eta beldurrezko pelikulak ikustea dira egun horretako ohiturak.
Teknologia berrien eskutik Hego Amerikara ere azkar iritsi zen atzerritar ohitura hau, eta kontsumismoarekin batera umeak izaten dira jai honetako bezero berriak. Kasu honetan kuiak ez dira husten, plastikozkoak baitira eta goxokiez betetzen dituzte umeek. Supermerkatuek eta denda gehienek ohituratzat hartu dute Halloween, gehiago saltzeko asmoz. Egun horretan mozorroak erabiltzen dituzte umeak eta etxez etxe ibiltzen dira goxokien bila. "Saria ala ziria" (ingelesez trick or treat) esaten dute etxez etxe edo dendaz denda joaten direnean.
Alemanian ere Halloween ospatzeko ohitura badago. Kalabaza asko landatzen da eta kalabaza txikiak jartzen dira leku askotan. Maiderren esanetan, goxoki bila ibiltzen da ume asko, mozorrotuta. Ez da bertako ohitura, baina gero eta gehiago egiten da.
Euskal Herrian nola ospatzen zen entzun daiteke bideo honetan
Joseba Aurkenerenaren ustez, "Gau beltza aspaldi ospatzen zen Euskal Herrian, Haloween ospakizun erabat yankee-a da".
Euskal Herrian mozorrotzeko ohitura handia dago jai ezberdinetan. Koadrilak askotan mozorrotzen dira eta ondo pasatzeko arrazoi nagusia izaten da. Tolosako ihauteriak oso ezagunak dira eta lagun asko joaten da bertara urtero mozorroa jantzita.
Eskoletan ere, irakasleok, gustatu ala ez gustatu, umeekin mozorrotu ohi gara sarritan. Mota askotako mozorroak daude: dendetan erositakoak, etxean egindakoak, lankideekin sortutakoak... Ondo pasatzeko eta elkarrekin ospatzeko laguntzen dizkigute mozorroek. Ume garaira eramaten gaituzte eta pertsona edota pertsonaia bat izatea dibertigarria izaten da gehienetan. Sinesten ez baduzue, ikusi itzazue gure lagunen mozorroak. Bai bitxiak direla!!
Erreferentziak:
Klasikoen gordailua.Mujika, G. (1925). Pernando Amezketarra. Ateraldi ta gertaerak. 17.Erretorearen txerria. https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MujikaPernando020.htm
Naiz irratia. Joseba Aurkenerena. (2020,10,30). «Gau beltza aspaldi ospatzen zen Euskal Herrian, Haloween ospakizun erabat yankee-a da».(Audio artxiboa). Berreskuratuta https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20201030/joseba-aurkenerena-gau-beltza-aspaldi-ospatzen-zen-euskal-herrian-haloween-ospakizun-erabat-yankee-a-da