2021(e)ko urtarrilaren 5(a), asteartea

80.saioa - 2020. urteko saioaren balorazioa

Aurreko sarreran adierazi genuen bezala, joan berri den urteari dagokionez, taldearen jardueraren balantzea egin genuen inkesta baten bidez. Inkesta horretan hainbat galdera proposatu zitzaizkien taldeko partaideei. 

Hasteko eta behin, taldekideen gogobetetze maila aztertu nahi izan genuen, eta horri buruzko galderen erantzunen arabera partaide gehienek gustura ibili zirela adierazi zuten. Gehienek ere parte hartzeko eta hitz egiteko aukera nahikoa izaten dutela jakinarazi ziguten. 

Bestalde, talde txikietan jarduteko egokiera aipatu zen, batez ere, euskaraz justu dabiltzanentzat. Saioen antolaketa aintzat harturik, partaideen ustez, saioak ondo bideratuta egon ziren eta ordutegia eta egutegia ere egokiak izan ziren. Horretaz gain, beste partaideak ezagutzen dituela aipatzen zuen gehiengo batek. 

Gaiei dagokienez, berriz, zein gai gustuko izan dituzten galdetuta, erantzunetan aniztasuna agertu zen, eta aparteko ekintzak, tailerrak, mintzodromoa, bertsolaritza eta abar egin izan direnean, hauei aberasgarri, jostagarri direla eta hizkuntza lantzeko balio dutela deritzate. 

Azkenik, gehiengo zabal batek interneten erabiltzen ditugun sareak ezagutzen dituela esan zuen, eta taldekideak elkarturik bestelako ekintzetan parte hartzeko prest ere badaudela. 

Gainerako iruzkineei erreparatuta, hauxe azpimarratzen zuten: ea zer alderdi egokitu beharko liratekeen euskara ikasten dabiltzanek errazago uler dezaten bai eta saioak hizkuntza ikasteko balia ditzaten.



Testua: Andoni Artziniega   
Andrea Uruguai      

2021(e)ko urtarrilaren 2(a), larunbata

80. saioa: JALGI HADI MUNDURA_Euskara Bizirik, Mundu Zabalera

Dagoeneko, 2021ean gaude eta elkarteak oso indartsu jarraitzen du. 2020ko apirilean, konfinamendu garaian, sortu zen eta ordutik astearte eta larunbatero euskaraz gozatzeko elkartzen gara. Egia esan, sortu den taldea zoragarria, guztiz irekia  eta nahiko malgua (nahi eta ahal dugunean parte hartzen dugu) da. Saioak kristoren esperientziak izaten dira eta partaide kopuruak politak. 

Gaurko saioan 10 lagun  elkartu gara  eta hiru atal izan ditugu.

Lehenengoan urte bukaerari buruz hitz egin dugu. Zein abesgarria den mundu osoko euskaldunekin hitz egitea eta zein ezberdinak diren batzuetan gure ohiturak. 

Bigarren atalean, gure Anik azken zozketan parte hartu zuten taldeko lagunontzat sortu zituen koplak erakutsi dizkiugu, eta denon artean abestu ditugu. Zein ongi pasatu dugun! 

Bukaeran, taldeko balantze azkar bat egin dugu taldeko ahuleziak eta bertuteak ikusteko. Argi dago sortu dena izugarria dela, pozaren pozez gaudela, aurten ere euskaraz gozatuko dugula eta kristorenak eta bi egiteko prest gaudela taldeak ongi jarrai dezala. 

Jalgi Hadi Mundura elkartean (mundu osoko euskaldunen bilgunean) 2021ean ere zuen euskaldun guztion zain egongo gara amets honek jarrai dezala.

Anima zaitezte parte hartzera! Ez zarete damutuko!

https://drive.google.com/file/d/11fq6OHN6MYm16ak9xpv6mF6Bnrci8A7k/view?usp=sharing


Koplak (Aita semeak doinuaz)

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)

1- Muxikatik Luis txorizalea

ari zaigu txio txio

ta hor nonbaiten mundutar Batik

abestu dezagun dio

2- Argentinatik geografoa

Mundu erakusle Bea,

ta Uruguaitik talde hontako

animatzaile Andrea

3-Alemanian bizi ta ekin

dabil donostiar Maider,

eta izarrez ia guztia

dakiena dugu Oier.

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)

4- Argentinako Panpatik ari

zaigu zirikatzen Jorge,

Kortezubitik, berriz, zer esan

ugari duen Marije

5-Alacanteko Yaiza, Adrian

eta Karlos ere lagun;

eta gainera irakasle ta

bidelagun den Izaskun

6- Gorkak elkartzen  ditu batera

Barakaldo ta Sevilla,

Aitzol Miamin bizi da baina

donostiarra mutila

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)

7 - Portugaleten jaioa ei da

azken fitxaje Andoni

ta zahar gazte esan daiteke

dela aspaldiko Ani

8 - Irungoa da orain datorren

poeta dugun Ainara

ta Uruguaitik agertzen zaigu

saltsero antzeko Sara

9 - Ta Valeria Argentinatik

bizitzen Gipuzkoara, 

eta Estitxu Erandiotik 

ondoko Bilbo hartara

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)

10 - Londresera ta Burdeosera

Euskal Herritik kanpora

Ionkar ta Migel ari zarete

euskaraz gugaz gustora

11 - Sebas, Alfredo, Bego, Beatriz,

Silvia argentinarrak,

euskararentzat badituzue

gogoak eta sugarrak

12 - Uruguaiko Noelek maite

du euskara ta musika,

eta Bizkaiko Deustu auzotik

agertu zaigu Monika

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)

13 -  Josu Otutuk oroitzen digu

Europako kapitala,

ta Raul Faluk Zarrakaztelun 

euskarak duen ahala

14 - Azken koplaren izenak dira

gure Jabi iruindarra,

ta Atlantiko beste aldean

Martin uruguaitarra

Euskal Herriko euskarari guk

heldu diogu gustura,

ekinez eta erabiliaz

zabaldu dadin Mundura (leloa)


Testua: Raul Zarrakaztelu

Bertsoak: Ani Bizkaia