2021(e)ko urtarrilaren 5(a), asteartea

80.saioa - 2020. urteko saioaren balorazioa

Aurreko sarreran adierazi genuen bezala, joan berri den urteari dagokionez, taldearen jardueraren balantzea egin genuen inkesta baten bidez. Inkesta horretan hainbat galdera proposatu zitzaizkien taldeko partaideei. 

Hasteko eta behin, taldekideen gogobetetze maila aztertu nahi izan genuen, eta horri buruzko galderen erantzunen arabera partaide gehienek gustura ibili zirela adierazi zuten. Gehienek ere parte hartzeko eta hitz egiteko aukera nahikoa izaten dutela jakinarazi ziguten. 

Bestalde, talde txikietan jarduteko egokiera aipatu zen, batez ere, euskaraz justu dabiltzanentzat. Saioen antolaketa aintzat harturik, partaideen ustez, saioak ondo bideratuta egon ziren eta ordutegia eta egutegia ere egokiak izan ziren. Horretaz gain, beste partaideak ezagutzen dituela aipatzen zuen gehiengo batek. 

Gaiei dagokienez, berriz, zein gai gustuko izan dituzten galdetuta, erantzunetan aniztasuna agertu zen, eta aparteko ekintzak, tailerrak, mintzodromoa, bertsolaritza eta abar egin izan direnean, hauei aberasgarri, jostagarri direla eta hizkuntza lantzeko balio dutela deritzate. 

Azkenik, gehiengo zabal batek interneten erabiltzen ditugun sareak ezagutzen dituela esan zuen, eta taldekideak elkarturik bestelako ekintzetan parte hartzeko prest ere badaudela. 

Gainerako iruzkineei erreparatuta, hauxe azpimarratzen zuten: ea zer alderdi egokitu beharko liratekeen euskara ikasten dabiltzanek errazago uler dezaten bai eta saioak hizkuntza ikasteko balia ditzaten.



Testua: Andoni Artziniega   
Andrea Uruguai      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina