Argi
dago lehengo
eskolak eta gaur egungo eskolak ez dutela zerikusirik, eta horrela
izan behar du,
gizartea bera ere aldatzen doalako. Ezin ditugu gaur egungo ume eta
gazteak, iraganeko metodologiekin, bihar-etziko gizarterako prestatu.
Gainera, eskolaren jarduna sasoia eta ingurunearekin baldintzatuta
dago. Ez du zerikusirik duela 50 urteko hezkuntzak, gaur
egunekoarekin. Ordu hartako ezagutza eta baliabideak murritzagoak
ziren, eta gainera diktadura baten azpian burutzen zen. Orain, aldiz,
askatasun gehiago dugu, baliabide gehiago, nahiz eta jakin
beharrekoak ere gehiago diren.
Sasoi hartan ere, lehentasunak beste batzuk ziren. Lana hezkuntza
baino garrantzitsuagoa zen, etxera dirua eroan behar zelako. Familiak
ere zabalagoak ziren, eta kasu askotan, seme-alaba guztiek ezin zuten
ikasi. Gaur egungo gizarteak ezagutza gehiago eskatzen duenez,
ikasketa-urteak luzatu egin dira.
Baina
bada kontu bat aldatu ez dena. Hezkuntza modu orokorrean hartzen
badugu, pertsona bat gizarte osoak hezten du. Lehenengo hezitzaileak
etxekoak dira, gurasoek gehien bat, ume edota gaztearen erreferentzia
direnak. Horien
lana gehien bat jarrera eta balio onak irakastea izango da. Eskola,
bitartean, ikasleak beharko dituen ezagutzak irakasten ahaleginduko
da. Ezin da dena eskolaren gain utzi. Gizarteak ere zeresana dauka,
batez ere, pertsonaren nortasun eta garapenean.
Metodologietan
ere aldaketa handiak egon dira, lehen egia
absolutuak ikasten ziren, hala nola, matematika, historia, geografia…
klaseak magistralak ziren, ia-ia dogmatikoak. Irakaskuntza edukietan
oinarritzen zen. Ikaskuntza bakoitzaren erantzunkizuna zen. Gaur
egun, edukiek
garrantzi handia badute ere, badira beste ñabardura batzuk. Edukiak
erdigunetik atera dira. Gaur egun, eskoletan, eduki
horiek proiektuetan lantzen da, ideiak
eztabaidatu egiten dira, eta, egitasmoak aurrera egiteko adostasun
batzuetara heldu behar dira. Dagoeneko, ikasleak ez du bakarrik
“buruz” jakin behar, ulertu eta ezarri behar du.
Pertsonen
arteko harremanak ere zeharo aldatu dira Irakasle - ikasleen
arteko harremanei begiratzen badiegu,
lehen bazegoen hierarki argi bat irakasle – ikasleen artean, agian
handiegia (inguruak eraginda, ziurrenez, diktadura baten geundelako),
eta harremana askotan, begirunean
eta beldurrean oinarritzen zen. Irakasleek
bazuten nolabaiteko ”goragoko maila”, sendagilea, abadea, edo
poliziaren pare. Zigorrak (askotan fisikoak) ziren diziplinaren
ezaugarri esanguratsuena, eta beldurraren kabi. Maisu eta andereñoek
esandakoa eta agindutakoa ez zen zalantzan jartzen. Gaur egun, aldiz,
Irakasleen hierarkia aldatu egin da, beste langile bat bezala hartzen
dira. Gainera, sarritan, euren jokaera eta erabakiak zalantzan
jartzen dira, ikasleen garrantzia igo egin delako. Askotan, irakaslea
– ikaslea maila berean jartzen dira, edo (inoiz) irakaslea
gutxietsi egiten da. Hau ume gutxiago dagoen ondorioa (etxe
bakoitzeko ume bat edo bi) izan daiteke, baina, gero eta banan –
banakoagoa eta
lehiakorragoa den gizarte baten gaudelako ere
bai, eta norberarena lehenetsi behar dela
uste delako.
Beste
kontu bat, berdinen arteko harremanak dira. Ikasleen artean, harreman
arruntak ematen dira kasu gehienetan, baina ez beti. Lehiakortasuna
oinarri duen gizarte batean, ezberdina den oro,
aberastasun-iturritzat hartu beharrean, laidotu eta gutxietsi egiten
da, eta hiperkonektatuta gauden gizarte honetan, “bullinga”,
eskola barruan ez ezik, kalean eta sarean ere ematen da, batetik
bestera, erraz pasa
daitekeelarik. Ohikoena, sareak zapalketaren katalizatzaile lanak
egitea da. Lehen behintzat, norberaren “zapaltzailearen”
joko-zelaia toki komunetara
mugatuta egoten zen; gaur egun, mundu guztira zabaltzen
da.
Argi
dagoena zera da, hezkuntzan ere hitz egin eta eztabaidatzeko leku
komunak behar ditugula, eskolak dituzten arazo eta erronkei buruz
aritzeko. Baina eskola ez da izango gizarteak dituen arazo guztien
konponbidea, beste aktore batzuek
ere parte hartu behar dutelako, gizarteak oro har.
Talde
txikitan bildu ginen hontaz eta hartaz mintzatzeko, eta lehengo
eskolez hitz egiteko, baita txikitan genuen izaerari buruz berba
egiteko: batzuek bihurriak, besteak lotsatiak, beste batzuk muskilak
zintzilik ibiltzen ginen, tinta beltzez zikintzen zirenak ere garai
batean, beste bat ere alferra, eta Ainarari “hizki mutua” deitzen
zioten oso lotsatia eta beldurtia zenez, ez zuelako ahorik irekitzen.
Talde
txikitan bildu ginen birtualki ZOOM bidez eta Aniceto bere
aitonarekin baserrian igarotako garaiak kontatu zituen, Bizkargi pean
baserri batean hark esandako esaera zaharrak gogoan: “Behargin
txarra sarri kakalari” eta “urrun joan eta nekez etorri”.
Horrela, lagun giroan konfiantzan txikitako eta eskola garaiko
pasadizoak eta anekdotak kontatu genizkion elkarri, eta behin nola
Lazkao Txikik Ainara txikiari esan zion Ahetzen: “zein neskato
polita!”.
Horiek
eta beste kontu asko atera ziren, lehengo eta gaur egungo garaiak
alderatuz, eta oroiminez baina aurrera begira itxaropentsu izan
nahian, ez ezkor ez baikor, baina eutsiz geureari, gure izanari,
euskaltasunari suharki!
2021/02/06