esamoldeak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
esamoldeak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko maiatzaren 3(a), astelehena

115. Saioa. ESAMOLDEAK


 Gaurko saioan esamoldeak landu ditugu. Eguneroko berriketarako baitezpadako baliabideak ditugu esamoldeak. 

Aurrenik, zerrenda bat pantailaratu eta esamolde ohikoenei birpaso bat eman diegu talde handian: "gureak egin du....", "lekutan izan...", "kokoteraino egon...", "euria gogotik ari du...", "hoa antzarrak ferratzera..." eta abar.

 Esanahiaz jabetze aldera, sinonimoak edo antzeko adiera duten beste adibideak ematen jardun dugu.  Gero, talde txikitan antolaturik, zerrenda horretatik ahal denik eta esamolde gehien erabiltzeko aitzakian elkarrizketa bat garatu dugu, eta azkenik talde handian elkarrizketa horien irakurketa dramatizatua egin dugu. 


Dibertigarria izan da. Batzuek inprobisatu egin dute elkarrizketa denboraren baitan amaitu ezinda, eta baten batek antzezteko grina muturrera eramanik, mela-mela eginda esan eta baso bat bete ur burutik behera bota ez du ba!!! 
Mundiala haiz, Falu!!! 
 
😂😂😂



                                                                                          Andoni, ArtzinIega

2021(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

88. Saioa: Esamoldeen Jolasa eta Haurtzaroko Oroitzapenak


Zortzi bat lagun bildu ginen azken saio honetan. 

 


Maizpiden ikastaro trinko bat egiten dabilen Andreak ariketa bat proposatu zigun. Berak esamolde bat esan eta besteok esanahia zehaztu behar genuen. Horrek aitzakia eman zigun ezgutzen ditugun antzeko beste esamolde batzuk plazaratzeko, Luisek, kasu, bere eskualdeko euskaran erabiltzen den “zurtz eginda” esamoldea irakatsi zigun “harritua” adierazteko. 

Gainerakoan, datozen saioetarako ideia berriak izan genituen hizpide, eta, hain zuzen ere, larunbaterako saioa prestatzeko xehetasunak eta jarraibideak argitze aldera mintzatu ginen. 

Saioa honetan datza: Aldez aurretik nork bere haurtzaroko, 4-10 urte bitarteko argazki pare bat JHMko posta elektronikora bidali. Saioaren egunean pantailan partekatu dira argazkiok eta besteok nor den igarri beharko dugu. Lehiaketa modura egin ahal da,  eta gehien asmatzen duena txapeldun da.

Ondoren, honen harira, nork bere ume garaiko pasadizoren bat kontatuko du esaldi honen hariari jarraituz: holakoa nintzela (gurasoek, besteek…) esaten zidaten... eta hariko anekdota edo biografiaren pasarte bat partekatuko dugu, esandakoaren adierazle.