2021(e)ko maiatzaren 24(a), astelehena

KIROLIK EGITEN AL DUZU?

 

 

 


Kirolaren kontzeptua mugatzerakoan bi idei burura datozkit: Ariketa fisikoa eta lehia, bata bestearekin uztartuta. Hortik kanpo badaude hainbat jarduera, kirolaren esparrutik at geratzen direnak, nire aburuz.

Xakea, esate baterako, lehia sustatzen duen jokoa da, baina ariketa fisikoa baino gehiago, buru-eragiketak dira, eta nahiz eta, jende askok kirolen barruan sartu, kirola baino gehiago, estrategia ariketa bezala sailkatuko nuke. Ez noa esaten, beste mahai-joko batzuk bezalakoa denik, azken finean, estrategi eta aukeraketa sakonak burutu behar dira, baina nik ez nituzke, jokoen arlotik aterako.

Ehiza eta arrantzarena, kontrako kasua izango litzateke. Jarduera hauetan ariketa fisikoa ematen da, ehizan batez ere, baina ez dago lehiaren zantzurik. Lehiakidea, nor da edo zer da? animalia?Ariketa fisiko hauek oinarri duten kirolak badaude, lehiakide ezberdinak, bata bestearen aurka aritzen direnak; hala nola, arku-tiroketa, plater-tiroketa, eta abar. Azken hauetan, badirudi, ariketa baino gehiago, zentzumenen koordinazioa nagusi dela. Armak oinarri dituzten jarduerok ez ditudala bat ere gogoko, argi eta garbi, adierazi nahi dut.

Espainia estatuko mailan, gehien saltzen den egunkaria, kirolen inguruan aritzen dena da, eta tarteka – marteka, zezenketen inguruko berriak ekartzen ditu. Hau, zentzubakoa ezezik, deitoragarria dela iruditzen zait. Debekatu beharreko eta salatzeko jarduera deritzot.

Gero eta sedentarioagoa eta nagituagoa den gizarte batean, ia edozein jarduerari “ariketa fisikoa” deritzote; paseatzera ateratzeari, ariketa fisikoa egitea da, esate baterako.

Badirudi, urteak pasa ahala, gorputzak behin bere onena igaro duenean (18-30 urte artean), jardueran moteldu egiten direla, eta dagoeneko ez dagoela ariketa fisiko bortitzik edo kirolik praktikatzeko hainbesteko gogorik. Ajeak, lesioak eta beste era batetako ardura eta erantzukizunen agertzeak, kasu honetan, zeresan handia daukate. Ni neu gazte sasoian, kirol ugari eginda nago, bai kirol federatua, bai neure kaxa edo lagunekin. Futbolean, saskibaloian, herri-lasterketatan aritzen nintzen, baita palako txapelketaren batetan parte hartu ere. Gaur egun, ajeak, lesioak eta nagiak jota, nire ahalegin fisikoaren maila zerbait jaitsi da, mendi aldetik ibilaldiak egitera murriztuz.

 


 

 Taldeko jendearen artean, joera berdina ikusten da (agian, taldekideen adinaren isla). Badira, batzuk bezala, kirol ugari egin zutenak, Andoni bezala, futbolean, frontoiko kiroletan, bizikletan, eskaladan, tenisean, … ibilitakoa (zerrenda amaiezina). Gaur egun erlaxazioa eta lasaitasuna nahiago ditu, nahiz eta oraindik ere, zenbait kiroletan aritu.

Asko dira, gazte sasoian, kirol-ariketa asko egiten ez zutenak, baina orain, mendira ibilaldiak burutzen dituztenak. Uruguaitarrena, kasu berezia da, han ez  baitago menditik. Bizikletarena eta igerian egitearena, gaur egun burutzen dituzten, beste kirol praktikatuak dira.

Kirola ariketa osasuntsua izanagatik, beti zainduz eta neurriak hartuz burutu behar dira, bestela lesioak sortzen direlako. Maiz zaintiratuak eta hezur apurtze edota arrakalak eragin ditugu.

Kirolak, inoiz, gugan zirrara berezia sortzen du, eta horregatik leku askotara joateko prest gaude. Gure gogokoa den taldea ikusteko, hainbat hirietara mugitu gaitezke, edo seme-alaben partiduak ikustera bazter guztietara mugitzen gara; askotan unekada soil bat gozatzeko. Frantziako Tourra ikusten, anaia eta biok, zelan Tourmaletera arte joan ginela gogoratzen dut.

Jarraitzen ditugu kirolen artean, gogokoago edo mirestuago ditugun kirolariak badaude. Tenisean, Nadal; eskalatzaileen artean, Alex Honlon; pilotarien artean, Leitzakoak edo Olaizola eta Elezkano.

Emakume eta gizonezkoen kirola planteatzean, badago adostasun bat , zeinetan denok kirol guztiak burutu ahal ditugun. Emakumeena, nahiz eta medioek gutxiago jarraitu, besteena bezain erakargarria izan daiteke; lortu behar dena, eredu zaharrak gainditzea da. Horren adierazle, emakumeen kirolean jaurtitzen diren birao sexistak eta, sarri askotan, jantzi erazten zaizkien  janzkera sexistak.


Oier Zorrontzakoa.

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina