elkartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
elkartea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko apirilaren 8(a), osteguna

Elkarte barruan...

     Norbait elkarte baten sartzen denean, gehienetan bi jarrera izan ditzake; bata pasiboagoa, urteroko kuota oradaindu eta elkarteak eskeintzen dioena hartu, eta bestea, aktiboagoa, hau da, antolaketan sartu eta ekimenak aurrera ateratzen ahalegindu.

     Hainbat elkarteetan egonda, bigarrena egiten dut, gehienetan. Jalgi Hadi Mundura elkartean gauza berdina egiten ahalegintzen naiz. Honek taldeetan lan egin beharra dakar. Hasieran, era anarkiko samarrean hasi ginen, bakoitzak, taldearen hobebeharrez, bururatzen zitzaiona egiten ... batek helbide elektroniko bat hartu, besteak, sare sozial baten, taldearen izenean, kontu bat hartu, ... ezagutu berriak ginen eta, ehundaka eta milaka kilometrotara geunden. Hasierako urrats haiek  igaro ziren, eta gaue egun, era koordinatuago baten lan egiten dugula uste dut, erabakiak hartzeko nolabaiteko "txokoak" edo "azpitaldeak" sortuz, erantzun bateratu eta egokiena emateko asmoz.

     Elkartearen irudia islatzeko, badaude sareetan kudeatzaile batzuk. Kudeatzaile hauek, beren nahien eta iritzien gainetik, taldearen irudia zaindu behar dute. Munduratuko duten ikuskera, ez da eurena izan behar, talde osoarena baino. Oso garantzitsua da, edukiak taldekide ezberdinekin adostea, irudi amankomuna plazaratzeko.

    Aurreko baten, elkartearen urteurrena dela eta bideo pare bat, plazaratzeko asmoa sortu zen; lehena, elkarteko partaide batzuekin, elkartean parte hartzeko gonbidapena eginez; eta bigarrena, taldekideak elkartea urteurrenagatik zorionduz, edo elkartean parte hartzeko gonbidapenak eginez. Neure burua lan hori aurrera eramateko aurkeztu nuen, gainera zer zetorkidan jakin gabe. Taldekideei euren irudiak eta bideoak eskatu zitzaizkien, formatu zehatz batetan eta helbide batetara bidali zezaten. Ba ... era guztietako formatuak jaso nituen eta mila leku ezberdinetatik irtsi zitzaizkidan. Hor, nire benetako lana hasi zen, formatuak bateratu, bideo batzuen bolumena igoarazi, soinua txertatu, dena borobiltzen saiatu ... 

    Norberaren lana ez zenez, beste kide batzuei erakutsi nien, nire lanaren emaitzak. Hainbat aldaketa iradokitzen hasi ziren, eta taldekideen azken "ekarpenak", oraindik, heltzeke. Hizkien tipografia hau izan behar zela, han edo hemen kokatuta joan behar zirela, harek musturrekoa daramala eta ez zitzaiola aurpegia ikusten, doinua egokia dela-ez dela, musika librea izan behar zela, taldekide batena hobeto, irudien iraupena bata edo bestea izan behar zela, ... Azkenean, irudi guztiak heldu ziren eta bideoek, gu garen taldea islatzen duela, uste dute.









 

Taldearen izaera iradokitzen duten irudiak direla uste dut; jende alaia, prestua, konprometitua, urruti egonagatik berotasuna igortzen duena eta, batez ere, hizkuntza maite duena.


Ahor ba bideoak:

https://drive.google.com/file/d/1rX-qUiY238UeP5XVQHD6dwcKJxhQTpIH/view?usp=sharing

https://drive.google.com/file/d/1162amiPZNJdHzltOUOuRSIOitoYWcqMj/view?usp=sharing



Oier Zorrontza.


2020(e)ko abuztuaren 28(a), ostirala

GURI BURUZ


Jalgi Hadi Mundura

euskara elkarte birtuala 


AURKEZPENA 

Euskararen eta euskal kulturaren lurralde naturala Euskal Herria da. 

Hala ere, arrazoi historiko ugari direla bitarteko, Euskal Diaspora indartsu dago Munduan zehar, eta zorionez gure hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzean interesaturik dauden Euskal Etxe eta pertsona ugari dago hainbat eta hainbat lurraldetan.  

Argi dugu euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna Euskal Herrian erabakiko dela, baina oso garrantzitsua iruditzen zaigu lurralde desberdinetako jendea elkarrekin euskaraz komunikatzea, eta foro birtualak sortzea eta zabaltzea. Horrek gure hizkuntzari eta kulturari prestigio soziala ematen dio, bai Euskal Herri mailan eta bai Mundu mailan, bide batez gure euskaltzaletasuna sendotuz. 

Euskara altxor unibertsala da, eta euskarekiko gure maitasuna eta konpromisoa adieraziz, horretan lagun gehiago ere kutsatzeko prest gaude. Jon Sarasuak dioen bezala: "espazioak euskaraz betetzen..." saiatuko gara. 

 

HELBURUAK 

1- Elkarte honetako partaideok elkarrekin euskaraz komunikatzea ahoz nahiz idatziz, aurrez aurre nahiz sare sozialen bidez. 

2- Euskara eta euskal kultura indartzeko asmoz burutzen diren ekimenen berri ematea elkarri eta zabaltzea ahal dugun neurrian. 

3- Euskal Herrian zein Diasporan euskararekin eta euskal kulturarekin lotuta dauden ekimen garrantzitsuen (Euskaraldia, Korrika, Euskararen eguna, Diasporaren eguna…) oihartzuna zabaltzea. 

4- Euskara elkarte hau edo antzekoak hedatzen eta indartzen saiatzea. 

5- Euskararen eta euskal identitatearen ezagupena munduan zehar aldarrikatzea. 

6- Euskara ikastera eta erabiltzera animatzea jendea espazio fisikoetan nahiz sare sozialetan, bai Euskal Herrian eta bai Mundu osoan zehar. 

 

EKINTZAK 

- Berba saioak edo foroak egin online, non euskaraz hitz egiten duen edonork parte har dezakeen. 

- Facebook-eko profila sortu eta garatu, honelako edo antzeko gaiak erabiliz: gu geu, saioetako kronikak, partaideon zaletasunak, gomendioak eta abar. 

- Lagunen artean informazioa zabaldu eta gonbidapenak luzatu. 

- Tailer desberdinak eskaini online: idazmena, bertsolaritza, musika eta abestiak, marrazkiak, astronomia, gai sozialak, txoriak, eskulanak, besteak beste.  

- Euskarazko baliabideen berri eman eta gomendatu, euskarazko produktuen kontsumoa areagotzeko asmoz: filmak, liburuak, Youtube bideoak,

telebista/irrati saioak, jolasak, bertso saiok eta bertso sortak …. 

- Elkarte honen identifikagarri izango den eta aipatutako gaiak edo antzekoak jorratuko dituen bloga sortu eta osotu. 

 

Komunikazio bideak 

Elkarrekin komunikatzeko bitarteko garrantzitsuenak 

sare sozialak izango dira: 

- ZOOM 

- WhatsApp 

- Facebook 

- Drive

- Email: jalgihadimundura@gmail.com

- Bloga: jalgihadimundura.blogspot.com

- Instagram: jalgihadimundura 

- Twiter: @jalgi_hadi 



PAUSUZ PAUSU EKINGO DIOGU 

EUSKARA ZABALTZEARI, 

BIZI POZA EMATEN DIGULAKO, 

ETA BATZEN GAITUEN HIZKUNTZA DELAKO 



Honela hasi ginen:

https://olarra.de/askomaitezaitut/blog/page/7/ 

https://uruguaikoazkenberriak.blogspot.com/2020/04/konfinamendua-eta-euskara.html 

https://uruguaikoazkenberriak.blogspot.com/2020/05/aurrera-goaz.html



Ani Bizkaia eta Andrea Uruguai

Blogaren sorrera

 Blogaren sorrera

Jalgi Hadi Mundura (JHM) WhatsApp taldea orain hiru lau urte osatu genuen Mintzanet proiektuan genbiltzan sei zazpi pertsonek, eta bere bidez komunikatzen ginen partaideok, baina ez zuen bizi askorik.

Koronabirus sortu berritan Mintzanet BIZKAIA sortu zen eta handik lasterrera JHM WhatsApp taldea hazi egin zen eta taldekideon harremanak ugaritu, 30 pertsona inguru izatera iritsiz. 

Sasoi bertsuan Online bidezko elkarrizketak edo topaketak egiten hasi ginen, lehenengoa 2020ko apirilaren 3an izan zelarik. Ordutik astero bi aldiz (astearteetan eta larunbatetan) jarraitu dugu elkartzen eta taldea gogotsu zegoenez aurrera jarraitzeko, talde bloga sortzea pentsatu genuen 2020ko abuztuaren 18an. 




Administratzailea izango den pertsonak bloga sortu ondoren, taldekide guztiei bidali zitzaien ondorengo galdetegia: 

1- Ematen duzu baimena zure argazkia blogean agertzeko?

2- Onartzen duzu blogean agertzea zure identifikazio izena eta bizitokia (probintzia, lurraldea ....)? Zein?

3- Blogean jartzen denaren ikusle bakarrik izango zara ala baita egile ere? Bigarren kasu honetan Google-ko kontua bidali behar zaio administratzaileari, honek gonbidapenak egin ahal izateko. 

Ondorioz, blogean argazkia jartzeko baimena eman eta egile izateko prest agertutakoak hauek dira:

 

Ainara Maia, Irun, Gipuzkoa

Alvaro Txile

Andoni Artziniega

Andrea Uruguai

Ani Bizkaia

Beatriz Tandil

Beatriz Viedma

Dylan Bristol

Gorka Sevilla

Gotzon Batikon Etxegarai, Euskal Herria, Mundua

Inma Bergara

Ionkar Londres

Javier Amadoz

Jorge La Pampa

Luis Urdaibai

Maider Alemania 

Maialen Plaentxia Montevideo

MarĂ­a Silvia Misiones

Marije Bizkaia

Martin Montevideo

Oier Zorrontza

Otutu Belgika

Raul Zarrakaztelu

Sara Montevideo

Valeria La Pampa



2020(e)ko abuztuaren 18(a), asteartea

41. saioa: JALGI HADI MUNDURA (BATZARRA)

 Batzarraren laburpena (2020-08-18) 

1- Taldea ala elkartea Oso positibotzat jo da talde honek izan duen ibilbidea eta ondorengo ezaugarriak azpimarratu dira: 

- Gure online batzarretan guztiei eman zaie hitza modu ordenatuan eta saio bakoitzean agertu diren guztiek egin dute hitz askatasun osoz. 

- Aniztasuna eta besteen iritziekiko errespetua erabatekoa izan da. 

- Malgutasun osoa izan du bakoitzak nahi eta ahal duenean parte hartzeko saioetan, eta nahi duen eran. Eta horretarako astean bi saio izateak erraztasunak eman dizkigu. 

- Guk egiten duguna Mintzanet proiektuarekin bateragarria eta osagarria dela esan da; eta online foroak euskaraz gehiagotan egiteko aukera ematen digula. Gainera gehienok Mintzaneten ere parte hartzen dugula aipatu da. 

- Asko baloratu da moderatzailearen egitekoa, baina onartu dugu guztiek ez dutela gaia prestatzeko denborarik eta zeregin guztiz borondatezkoa izan behar dela. Azkenik talde bezala jarraitzea hobetsi da, elkartea izateak konplikazio larregi dituelako guretzat, nahiz-eta elkarte batek izan ditzakeen helburu eta egiteko ugari gauzatzen ditugun. Eta gure berri zabaltzen jarraitzea eta edonorentzat ateak irekita izatea pentsatu da. 

2- Moderatzaileak eta gaiak Orain arte moderatzaile izan diren eta tratatu ditugun gaien taula komentatu dugu eta baita aurreranzko gai posibleen zerrenda ere. Eta taula hori guztiei bidaliko zaie, bakoitzak gaiak gehitzeko posibilitatea izan dezan eta egunen baten moderatzaile izan nahi duen jarri dezan. 

3- Bloga Taldeko bloga izateak izan dezakeen lana baloratu da, baina hala ere horrek talderako izan ditzakeen abantailak kontuan izanik, froga modura sortzea erabaki dugu.