2020(e)ko abuztuaren 30(a), igandea

Izenen solasa

  Aspaldi baten, oso ohikoak ziren izen konposatuak, Maria del Carmen, Maria Isabel, Juan Carlos, Pedro Juan, Juan Jose eta abar, baita gizonezkoen eta emakumezkoen izenak nahasten dituzten izen konposatuak ere, Jesus Maria, Maria Jose, Luis Maria  eta Maria Jesus bezalakoak; azken hauek kristau katolikoen artean emandako joeraz. Inoiz, azken kasu hauetan batez ere, umaroan eta gaztaroan, besteen txantxak jasan behar zituzten izen horiek zeramatzatenek.

 Badirudi pertsonei izen ezberdinak jartzea bolada kontua dela, eta inguruan ematen diren baldintzek ere zeresana dutela. Esate baterako, Francoren diktaduraren sasoian, ama birjinaren eta doneen izenak jartzea arrunta zen, edo hauen izen konposatuak, baina espainol grafiarekin. Beste era batetakoak ez ziren onartzen. Ezta atzerriko hizkuntza batekoak ere. Gogoratu dezagun, sasoi haietan, Athletic de Bilbao Futbol taldea, Atletico de Bilbao bilakatu zela.

 Hego Amerikan ere, oraintsu arte, izen konposatuak jartzeko ohitura egon da, baina joera hori aldatzen  ari dela dirudi. Azken belaunaldiko familiek ohitura hori aldatu egin dute.

 Hemen, Euskal Herrian, epizenoak jartzearen ohituran sartuta gaude, hau da, emakumeei eta gizonezkoei izen berbera jartzearen ohituran. Amets, Aiurri, Amaiur, Maren, Bihotz, Alai, Izar, Kemen, Atxa, Gure, Elai epizenoen adibideak dira. Epizenoak gehien bat izen toponimikoetatik eratorriak dira (toki-izenek ez dute generorik), baina baita zuhaitzen izenetatik ere, edo txorien izenetatik, ... Beste kultura batzuetan ere, epizenoak oso ohikoak dira, herri askotan ematen dira. Guretzako ezagunenak anglisaxoienak dira; batzuk aipatzearren: Dylan, Cameron, Drew, Jamie, Jordan, Morgan, Noah, Sidney, Taylor, Tracy, .... Honi dagokionez, epizenoak izentzat dituzten pertsonek, herri askotan, nolabaiteko jazarpena jasan behar izan dutela aipatu  behar da, eta sarritan alboratu egiten dira. Espainiako legedian, printzipioz, izenak izendatzen duen pertsonaren generoa adierazi behar du.

 Kultura ezberdinetako bikoteek, umeren bat badute, kultura bietan onartuta dagoen izen bat aukeratzen ahalegintzen dira, bai izen horrek izan dezakeen esanahiagatik, bai sortzen duen doinuagatik.

Oier Zorrontza.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina